17 postu izango ditu biharko azokak. Arrasateko bertako sei postu egongo dira: Ikutixo baserriko produktuak, Askasibarren barazki ekologikoak, Enuzketa Aldekoaren barazkiak, Bidasoro baserriko barazkiak eta gaztak, Harreman erakundearen bidezko merkataritza postua eta Juan Mari Zuazubiskarren nekazaritzarako tresneria.
Arrasatetik aparte, bailaratik eta Euskal Herri osotik
Bailarako zenbait txokotatik etorritako produkturik ere ez da faltako: Mendibitzu baserriko (Aretxabaleta) haragia eta gazta ekologikoa, Etxezuriko (Aretxabaleta) ogia, barazkien kontserbak Jakionen (Gatzaga) eskutik eta Felix Barcina bergararraren sukalderako egurrezko tresnak.
Era berean, bailaratik kanpo ere etorriko dira baserritarrak eta artisauak. Horien artean, Idiziabalgo Arimasagasti Berri baserriko gazta eta barazki ekologikoak, Izarrako (Araba) Goiuriko ardi-gaztak, Eskuernagako (Araba) Candido Besaren ardoa, Arizkuneko (Nafarroa) Eider Gutierrezen artisau kosmetikoak eta sendagai naturalak, Izurzuko (Nafarroa) Erlan ezti ekologikoa eta Orduñako (Bizkaia) Martzelaren Sukaldeko ordezkarien sukalderako tresnak –salmentaz gain erakustaldia egongo da–. Azkenik, www.baserritik.com interneteko dendaren postua ere jarriko dute.