Autoekoizpenaren bidez argitaratu du bost kapituluz osatutako lana Velez de Mendizabalek. Arrasateko Elkar dendan egin du aurkezpena. Tituluaz egin du berba aurrena. Arrasateren historia barik, Arrasate bere historian izenburua edukitzeak arrazoi bat duela esan du. "Ez dago historia bakarra, norberak berea du eta mendeetan historia ezberdinak jaso ahal izan dira". Hori horrela, lan honekin herria bere historian, testuinguruan kokatzea izan du helburu.
Ez dira berriak, gainera, bertan kontatzen direnak. "Historia errebisatu eta errepikatu egin behar da", dio Velez de Mendizabalek. Hala, aurretik euskaraz esandakoak gaztelaniaz bildu ditu lan honetan. "Esate baterako, nire blogean argitaratu izan ditut liburu honetan bildutako zenbait kontu".
Gaineratu duenez, hemerotekak digitalizatuta egoteak hainbat hutsune betetzeko aukera ematen du, eta azaldu du Internetek horretarako bidea eman eta erraztu diola.
Liburuan mendeetako zenbait pasarte jasotzeaz gain, Arrasateko zenbait pertsonaia aldarrikatu gura izan ditu, tartean Pedro Ignacio de Barrutia: "Bertan jaio ez arren, herriko eskribaua izan zen eta arrasateartzat zuen bere burua. Askotan ez da herritar bezala kontsideratu eta pena ematen dit".
Mondragón en su historia (y en cuatro horas) liburua Arrasateko Elkarren, Ttukun dendan zein Garibaiko egunkari-saltokian, 8 euroren truke.