21 puntuko aldearekin garaipen justua lortu zuten MUko mutilek

Ane Miren Etxeberria 2014ko urt. 12a, 09:30

Hasiera hasieratik indartsu eta gogotsu aritu ziren Arrasateko mutilak eta hori antzeman zen bai, markagailuan, izan ere, lehen minutuetatik, saskiratze eta puntu ugari lortu zituzten etxekoek. Deustukoek ere lan fina egin zuten, kontuan hartuz, aurten igo direla maila honetara.

Josu Larreategi MUko entrenatzaileak adierazi zuenez "nahiz eta aurten igo, ez zaie nabaritzen, oso ondo jokatzen dute eta gauzak zail jartzen badakite. Ez dute beldurrik eta jokalari gazte eta indartsuz osatutako taldea da".  

Mondragon Unibertsitateko jokalarien arerio zuzena da Deustu, izan ere, partidu honen aurretik, MU bigarren postuan kokatzen zen sailkapen nagusian eta Deustu aldiz, hirugarrenean bi puntuko desberdintasunarekin. Partiduaren agindua arrasatearren esku egon zen momentu oro, oso fin aritu ziren lanean eta horregatik oso pozik azaldu zen MUko entrenatzaile Josu Larreategi: "oso fin aritu gara, oso pozik nago, Gabonetatik bueltan izan dugun lehen partidua izan da eta Gabonetan egindako lanaren emaitza, beraz, oso gustura nago taldeak egindakoarekin, jokalarien konpromisoa oso handia izan da" adierazi zuen.

Lehen zatian arazo batzuk ere izan zituztela aitortu zuen Josuk: "jakin badakigu, Deustukoak oso onak direla erreboteetan eta partidu osoan zehar" min handia egin zieten atal horretan, baina hala ere "garaipen garrantzitsua lortu" zutela aitortu zuen entrenatzaileak.

Partidua esan bezala, etxekoen esku egon zen, eurek erritmoa jarri eta jokaldi polit asko ikusteko aukera luzatu zieten Iturripera gerturatutako guztiei.

Ia partidu guztian, alde handia izan zen markagailuan, beti izan ziren etxekoak, gutxienez, 15 puntu goitik, tarteka ere, 19 edo 20 puntu aurretik. Amaitu ere hala egin zen partidua, 21 puntuko aldearekin (79-58). Etxekoak kontraerasoan fin ibili ziren, baloia lapurtu ostean jokaldiak borobiltzen aritu baitziren. Hiruko ederrak eta saskiratze interesgarriak ere izan ziren bi taldeen partetik, izan ere, bai bizkaitarrek zein arrasatearrek, hiruko ikusgarriak saskiratu zituzten behin baino gehiagotan. Partidu polita eta oso entretenigarria beraz. Indartsua eta azkarra ere izan zen, ez etxekoek ezta bisitariek ere, ez zutelako beldurrik izan eta falta nahikotxo izan baziren ere, partidua ez zen askotan geratuta egon.

Jaurtiketa libreei dagokionez, nahiko fin aritu ziren bi taldeetako jokalariak.

Hurrengo partidua Tolosan

Hurrengo norgehiagoka Tolosa inguruan izango da eta partidu garrantzitsua izango da sailkapenean dauden tirabira horiekin amaitu ahal izateko. Josu Larreategi entrenatzaileak adierazi bezala, "partidu garrantzitsua da guretzat sailkapenean berdinduta baikaude".

Beraz, aste honetan ere zaleek izango dute partidu bikainaz disfrutatzeko aukera eta jokalariek gogor egin beharko dute lan aste barruan datorren norgehiagoka garrantzitsura ahalik eta motibatuen eta indartsuen heltzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak