Honen harira, Euskal Herriko hainbat eragile politiko eta sozialek elkarretaratzeak eta manifestazioak deitu dituzte gaurko. Debagoieneko herrietan ere elkarretaratzeak egin dira.
Arrasaten, 19:00etan hasi da manifestazioa Seber Altube enparantzan eta, herriko kaleak zeharkatu ondoren, hasitako leku berean amaitu da mobilizazioa; Konponbideari erasorik ez! lelopean burutu da. Bertan, Ander Gallegok, LAB sindikatuko kidea, hartu du hitza. Adierazi duenez, "Espainiako Gobernuak ez du konponbide garai hauetan aurrera egin nahi eta ez da atxiloketa hauek egiteko unea".
Manifestazioan zehar, Irati Muxika, Aramaion bizi den amezketarra ere izan dute gogoan; gaur iluntzean atxilotu dute Aramaion.
Bilbora joateko deialdia
Larunbat honetan, Euskal Presoen eskubideen alde egingo den manifestaziora joateko deia zabaltzeko ere aprobetxatu dute. "Atzoko atxiloketak ikusita, gero eta arrazoi gehiago daude larunbatean Bilbora joateko, presoei gure elkartasuna adierazteko". Manifestazioko leloari jarraituz, "izan gaitezen denok tanta", gaineratu du Gallegok.