Azken agur hunkigarria egin zioten atzo Kepa Bereziartuari

Jokin Bereziartua Lizarazu 2014ko urt. 8a, 16:52

Eusko Abertzale Ekintzako Kepa Bereziartua militante historikoari azken agurra egin zioten atzo Arrasateko Aldai parkean. Ekitaldi hunkigarria izan zen: txalaparta doinuak, lore eskaintza, aurreskua eta Miren Amurizaren bertsoak izan zituen, besteak beste. Hainbat herritarrek egin zuten bat agur-ekitaldiarekin eta bertan izan ziren ere ezker abertzaleko zenbait buruzagi.

Ekitaldia 19:30ean hasi zen, Bereziartuaren gorpua zeraman hilkutxa Aldai parkera heldu zenean. EAE-ANVko bandera, lore sortak eta Bereziartuaren hiru argazki jarri zituzten militante historiakoaren hilkutxaren inguruan. Txalaparta doinuekin eta ikurrinak astinduz egin zioten ongietorria, eta ondoren bi arrasatearrek aurreskua dantzatu zioten.

Ezker abertzaleko buruzagien adierazpenak heldu ziren gero. Arrasateko alkate ohi Xabier Zubizarretak 2007ko hauteskundeetan bizitakoak ekarri zituen gogora eta Bereziartuaren militantzia aktiboa goraipatu zuen.

Periko Solabarriaren bertsoak

Zubizarretaren ondoren, Periko Solabarriak hartu zuen hitza. 83 urteko euskal apaiz ohi eta politikari ezkertiarrak lagun handia joan dela esan zuen eta bihotzean beti gordeta eramango duela. Solabarriak ere zenbait bertso eskaini zizkion hilberriari.

Amaieran Txoria Txori, Internazionala eta Eusko Gudariak abestu zuten, eta Bereziartuaren gorpua zeraman hilkutxaren autoa txalaparta doinu, txalo eta ikurrinen astinduen artean agurtu zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak