Sei saio izango dituzte Euskarazko Literatura Solasaldiek

Sergio Cano 2014ko urtarrilaren 7a

2012ko Literatura solasaldiak.
Urtean zehar, euskarazko eta gaztelaniazko literatura solasaldiez gozatzeko aukera izango da. Gaztelaniaz diren antzerki saioak amaituta, urtarrilean komiki saioak hasiko dira. Garazi Arrula eta Antonio Altarriba izango dira koordinatzaileak. Azken honek, El arte de volar (2009) komikiarekin sari asko irabazi ditu, Espainiako Komikiaren Sari Nazionala, besteak beste.

Euskaraz eskaintza zabalagoa izango da. Guztira sei saio izango dira, urtarriletik ekainera. Garazi Arrula Ruizek koordinatuta. Saio guztiak Kulturaten izango dira, 18:30etik 20:30era.

  • Urtarrilaren 29an: Dorothy Parkerren Hona hemen gu biok.
  • Otsailaren 26an: Joxe Azurmendiren Barkamena, kondena, tortura.
  • Martxoaren 26an: Jamaica Kincaiden Nire amaren autobiografia.
  • Apirilaren 30ean: Alaa Al Aswaniren Jakobian eraikina.
  • Maiatzaren 21ean: Oier Guillanen Herio heroi/Arra.Arraroa.
  • Ekainaren 18an: Koldo Izagirreren Parisen bizi naiz besterik ezean.

Guztira hiru saio izango dira gaztelaniaz, urtarrilean, otsailean eta martxoan. Orain arte bezala, koordinatzailea Antonio Altarriba izango da. Euskarazko saioekin gertatzen den moduan, saio guztiak Kulturate,  izango dira, 18:30tik-20:30ra.

  • Urtarrilaren 22an: Marjani Satrapiren, Persépolis.
  • Otsailaren 19an: Hergéren, Las joyas de la castafiore.
  • Martxoaren 19an: Miguelanxo Pradoren, Ardalen.

Literatura Solasaldiak zer diren

Irakurketa klub bezala ere ezagutzen diren bilerak dira. Hilero pertsona talde bat elkartzen da, aldez aurretik irakurri duten liburu baten inguruan solasean aritzeko. Moderatzaile batek eztabaidak bideratzen ditu. Orokorrean, jarduera gogobetegarria izaten da, taldeko partaideen iritziek asko aberasten dutelako norberak liburua irakurri duenean jasotako inpresioa.

Irakurketarekin gozatzen duten pertsonak joaten dira solasaldietara, bide batez, hainbat egile eta estilo literario ezagutu eta eleberriaz gain beste genero batzuetara hurbiltzeko.

Nola funtzionatzen duten

Aldez aurretik izena eman behar den doako jarduera da. Biblioteka aukeratutako liburua lortzeaz arduratzen da, taldekideek maileguan eraman dezaten.

Liburuak, diskoak eta filmak gomendatzen

Urtero bezala,  bailara osoko udal liburutegien artean, musika, zinea eta liburuak gomendatzen dituzten gida egin dute. Hona hemen gidan agertzen diren gomendioak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak