Zortzi disko bilduma baten laburtzea zaila izango da, ezta?
Egia esan, ez daude zortzi diskoak bertan, 10 urte diskoaren kanturik ez dago, singleko kanturik ere ez, eta maketako kanturik ere ez. Gehienbat, 2005etik honako kantuak daude, 1999 eta 2005. urteen artean Behin eta berriz eta Sucio Poder kantuak bakarrik daude. Hala ere, nire ustez, urte hauetako kantu onenak daude, baliteke bakarren batek ihes egitea hainbat arrazoirengatik. Orain eginez gero, agian, beste era batera egingo nuke.
Zergatik bilduma bat?
Des-kontrol taldea hilda zegoela zioen batek baino gehiagok; bilduma hau oraindik bertan gaudela esateko da.
Momentu arraroa izan zen, taldekideek beste disko bat prestatzeko konbentzitu ninduten, zaila izan zen arren. Eta egun batetik bestera, disko berri bat prestatzen egotetik, bi taldekidek, Garru-k eta Peter-ek, taldea uztera pasatu ginen; kolpe oso latza izan zen. Hala ere, ordurako bukatuta geneuzkan bi kantuak grabatzea erabaki genuen. Horiez gain, ideia gehiago zeuden, baina...
Bi kantuen hitzak, gainera, Tedy-k egin zituen.
Haritzaren sustraiak eta Izarren azpian kantuen letrak Tedy-renak dira, bai. Tedy-k taldea utzi ostean izan genituen arazoen ostean, berriz ere harremana berreskuratu genuen, eta kantu berriak egiten ari ginela esan nionean, letra pare bat zituela esan eta horiek erabili genituen. Oso letra onak egin izan ditu beti.
Kantu berriak Higain estudioan grabatu zenituzten.
Bi kantu berriez gain, Burua hotz eta bihotza bero ere grabatu genuen. Kantu hori Aurrera begira diskoan bertsio akustikoan dago, eta, ona izan arren, bertsio hau indartsuagoa da. Letra, gainera, Orreaga 778ko Peio Lamarkak idatzi zuen, Meco espetxean preso zegoela. 2012ko urrian grabatu genituen, Higainen, Haritz Harreguyrekin. Bateria Kaotiko taldeko Xabik grabatu zuen eta horren ostean bi kontzertu egin genituen Arri gitarran zegoela. Hain zuzen, Hatortxu Rock jaialdian eta Arrasateko Gaztetxean, Naiara Agredarentzat dirua batzeko kontzertuan, jo genuen formazio horrekin.
Diskoak aurreko urteko Azokan ikusi behar zuen argia; zer gertatu da urtebeteko atzerapena izateko?
Esan bezala, 2012ko urrian sartu ginen estudiora eta bukatu bezain laster fabrikara bidali genuen diskoa. Hala ere, zenbait gauza txarto egin genituen eta konpondu artean itxarotea erabaki genuen. Behin dena konponduta, Azokara itxarotea erabaki genuen, batez ere Maukakoentzat hobe zelako.
Sucio Poder kantua ere berezia da oraingo honetan, ezta?
Bai; Puñetazo taldeko Marianoren omenez sartu dugu kantua. Diskoan hamabigarren kantua da, baina berez hamaikagarrena beharko litzateke. Kontua da, omenaldi bezala, hamaikagarren pistako 9:06 minutuan hasi behar zuela, irailaren 6an hil zen eta. Baina masterrean beste hankasartze bat egin, eta hamabigarren pistan dago.
Asko hitz egin da azken urtean DSKren egoeraren gainean; zelakoa da gaur egun?
Geldi dago. Bueno, Dirty Brothers-ekin batera bospasei kantu egin ditugu Hodeik, Pepin-ek eta hirurok, Elkartasun Egunean eta Berlinen, esaterako, baina bestela ez dago ezer eta, oraingoz, ez dago ezer egiteko asmorik. Baliteke aurrerago zerbait egitea, baina orain ez.
Orduan disko hau azken testigantza izan daiteke?
Ez, ez dago asmo horrekin eginda; gauza gehiago egingo dira, baina noiz... hori beste kontu bat da.
Biniloa non egongo da salgai?
Oraingoz, Arrasaten, Dat, Iluntz, Amaiur eta Taupa tabernetan eta Nothing Without dendan. Aurrerago, Algorta edo Donostia aldera eramateko asmoa dugu. Diskoa eta CDa 15 euroren truke lor daiteke.