Erromatar Guardiak gidatuko du domekako kabalgata. Haren ondoren joango da neska-mutiko talde bat, bidea argiztatzeko zuziekin. Eta haiei jarraiki, berriz, neska-mutiko beste talde bat, tronpeta eta danborrekin. Ondoren agertuko da Meltxor Erregea bere pajeekin eta argi-zuziak dituzten neska-mutiko gehiagorekin. Gasparren txanda izango da gero, eta Baltasar etorriko da ondoren, biak ala biak, neska-mutiko gehiagoz inguratuta. Kabalgata ixteko umeen abesbatza eta argi-zuziak eramango dituen beste talde bat joango da, eta bukatzeko, karroza. Guztira, 200 lagun inguruk parte hartuko dute domekako kabalgatan.
Jaiotza biziduna, Herriko Plazan
19:00etan abiatuko da, Zerkaostetatik. Eta 20:00etan bukatuko dute kalejira, Herriko Plazako Jaiotza bizidunean izango den Jesus adoratzen. Baina ez dute orduan bukatuko jarduna Errege Magoek. Izan ere, adorazioa bukatu ostean, Debagoieneko Ospitalera joan eta ordubete inguru emango dute han, bertako gaixoei bisita egin eta opariak banatzen.
Aipatutakoez gainera, kontuan hartzeko moduko beste hitzordu bat ere egin dute: 19:30ean: Errege Magoak plazara iritsi arte, ordu erdiko kantu saioa egingo dute 20 bat neska-mutikok, Jaiotzaren aurrean. Bertan zein kabalgatan kantatuko duten umeek Arantza Uriarteren gidaritzapean jardungo dute.
200 kilo inguru gozoki
Eta kontuan hartzeko beste pare bat datu helarazi dituzte antolatzaileek: bata da kalez kale dabiltzan bitartean, ohi duten moduan, gozokiak banatuko dituztela bidean zain dituzten umeen artean. 200 kilo inguru. 150 kilo antolatzaileek erositakoak dira. Eta beste 50 kilo, berriz, Arrasateko saltoki eta banketxeek emandakoak.
Baltasar "berria"
Eta bestea da 20 urte baino luzaroago Baltasar Errege lanak egiten ibili ostean, Julio Vellidok zeregin hori utzi (eskerrak eman gura dizkiote antolatzaileek urte luze horietan egindakoarengatik), eta Baltasar Errege berria izango dela aurten Arrasateko kabalgatan.