Aldundiak Arrasateko Udalaren esku utziko du GI-2620 errepidearen zati bat

Monika Belastegi Aranzabal 2013ko abe. 26a, 14:19

Hiri bide izaera duelako lagako du Udalaren esku, Aldunditik aurreratu dutenez. Hori horrela, GI-2620 –Legutio-Arrasate, Aramaiotik– errepide zaharreko ia hiru kilometro Udalarenak izango dira aurrerantzean.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Arrasateko Udalak hitzarmena egingo dute eta, ondorioz, 19,515 kilometro puntutik 22,215 kilometro puntura, hau da, Takoloko biribilgunearen ingurua, Udalarena izango da aurrerantzean.

Zati horrek hiri bidea izaera du, eta 2010. urtean GI-2620 errepidearen Arrasateko mendebaldeko saihesbidea eraiki zenetik, erabilera lokala du soilik, udalerriaz gaindiko interesik gabea, Aldunditik azaldu dutenez. Horregatik, bide zati hori eskualdatzea erabaki dute Aldundiak eta Udalak, haren inguruko elementu funtzional guztiekin batera. Hala, aurrerantzean errepidea Arrasateko Udalaren izenean egongo da, eta Udala arduratuko da hura artatzeaz eta ustiatzeaz.

Eskualdatu beharreko zatiak artapen egoera onean egon behar duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Artapeneko eta Kudeaketako Zerbitzuko buruak errepidearen egoera aztertzeko txostena egin zuen, eta 2013ko abuztuaren 7ko txostenaren arabera, zeharbidea osatzen duten hiru zatietan zoruaren egitura konpondu behar da. Lan horiek Gipuzkoako Foru Aldundiak egin beharko lituzke, baina horiek egin beharrean Gipuzkoako Foru Aldundiak 958.205 euro emango dizkio Arrasateko Udalari, bertan lanak egin ditzan. Arrasateko Udalak onartzen du horrela bete duela Gipuzkoako Foru Aldundiak dagokion betebeharra; diru hori jasota eta bidearen jabetza izanda.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak