Pertsonaia mitologikoak Txoronpio eta Txoronpiarekin batera

Monika Belastegi Aranzabal 2013ko abe. 23a, 16:14
Komisiñoak Olentzerori laguntzaileak aurkitzen lan mardula egin du. Lamia, Basajaun, Martin Abade, Akerbeltz.... gisako pertsonaiak jarri dituzte Txoronpio eta Txoronpiaren ondoan, ikazkinak umeen eskaera guztiak jaso ditzala bermatzeko.

Olentzeroren laguntzaile berrien ideia nondik sortu zen azaldu digu Komisiñoko kide Utzune Urrizalkik: "Ezin dugu ahaztu Olentzero pertsonaia mitologikoa dela. Hori kontuan hartuta, gura genuena zen euskal mitologiako beste pertsonaiekin lotzea, ez dugulako nahi Olentzero opariak bakarrik ematen dituen pertsonaia moduan ulertu nahi. Olentzero Euskal Herrian sustraituta dagoen pertsonaia da, baina ez da bakarra; laguntzaile eta lagun talde handia dauka".

Aurten, Galtzagorriak protagonista

Bada, aurten Galtzagorriak izango dira protagonista: "Pertsonaia bihurriak ziren. Bihurriak, eta ez gaiztoak, eta oso langileak. Lan zailak egitea gustatzen zitzaien, errazak zirenak di-da baten egiten zituzten-eta. Hori bai, lan barik geratu ezkero bihurrikerietan hasten ziren", kontatu digu Urrizalkik. Ikastetxeetan aurkeztu dituzte pertsonaiok, hilaren 24rako haurrek ezagutu ditzaten: "Lanketa horren helburua izan da umeek jakitea Galtzagorriak nortzuk diren, nondik nora datozen, zertarako...".
Aurten inoiz baino goizago hasi dira ikastetxeetan lanean eta horrek ahalbidetu die Olentzerori emateko gutunak haurrek eskuetan jasotzea: "Aspaldi, duela 20 bat urte, Olentzeroren Lagunek banatzen zizkieten eskutitzak haurrei, eskura. Azken urteetan hori albo batera utzita genuen eta oraingoan berreskuratu gura izan dugu. Lan horretarako bi Galtzagorri erabili ditugu".

Borondatea eta inplikazioa

Arrasate Herri Eskolan egon ziren lehenengo eta asteon egon dira Arizmendin, Haur Hezkuntzako ikasle guztiekin eta Lehen Hezkuntzako lehen zikloko ikasleekin: "Ikastetxeen inplikazioa eta laguntza eskertu gura dugu. Eurendako lan estra bat da; plangintza baten barruan egiten dute lan eta gu kanpotik sartu gara. Oso harrera ona izan du, izugarri lagundu digute", azpimarratu du Urrizalkik. Eta ezin ahaztu Galtzagorrien lana: "Oso lan eraginkorra egin dute, 1.000 ume baino gehiagorekin egon dira".   

Lanegun luzeena

Beraz, hilaren 24an, Txoronpio, Txoronpia eta bi Galtzagorri auzoz auzo joango dira umeen eskutitzak batzen; azken gutunak Seber Altube plazan jasoko dituzte (13:15). Eguraldi txarra egiten badu Uarkapera joango dira.

Arratsaldean helduko da ikazkin maitatuenaren txanda: 18:00etan irtengo da San Andrestik eta ohiko ibilbidean zehar gozokiak banatu ostean, 19:00ak aldera helduko da Herriko plazara. Mutil Dantzarekin eta Herri Dantzarekin agurtuko dute, ordutik aurrera opariak zein ikatza banatzen lanegun luzea izango du-eta...

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak