Atzeratu egin da Arrasateko artisauen azoka

Jagoba Domingo 2013ko abe. 20a, 14:32
Alerta laranja aktibatu dute haize bolada bortitzengatik, eta horren ondorioz, Arrasaten Eskuartean-ek antolatutako artisau azoka Errege egun bezperara atzeratu da.

Goizean zehar hainbat herritar hurbildu dira bertara eta salmentak onak izan diren arren, pena handiz hartu dute albistea. Edurne Erauskinek, Eskuartean artisau taldeko kideak, Olentzero gertu dagoenez jendeak erosketa dezente egin dituela esan du; hala ere, haize boladen alerta laranja dela eta, atzeratu egin behar izan dute.

Urtarrilaren 5an jarriko dute berriz ere artisauen azoka, orduan baina, Herriko Plazan jarri beharko dute. Gaur eta bihar azokarekin aurrera jarraitzeko hainbat irtenbideren bila lanean egon diren arren, aukera onena urtarrilera pasatzea izan da. Besteak beste, Biteri plazan edo Udaletxeko arkupeetan egiteko aukera izan duten arren, artisauen ustetan, ez dira konponbide egokiak izan. Kulturateko klaustroetan azokarekin jarraitzeko eskaera egin duten, hala ere, ez da posible izan, beraz, urtarrilaren 5an egingo dute.

Esan bezala, penaz hartu dute albistea, goizean zehar salmenta onak egin dituztelako eta denbora dezente eman dutelako gaur eta biharko azoka gogoz eta ilusioz prestatzen. Izan ere, Erauskinen arabera, erakusleiho bikaina da artisauentzat, eta datak ere oso egokiak.

Zozketa solidarioa ere atzeratu egin behar izan dute, bihar eguerdian egin behar zuten, baina Errege egunaren bezperan egingo dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak