Kosta da martxa hartzea, baina behin hartuta, martxa polita hartu du egunak. Lehen orduak motel antzean joan diren arren, goiza erdibidera iritsi ahala jendez betetzen joan dira herriko kaleak. Betetzen bai, baina neurrian, horixe da inpresioa, nahiz eta toki batzuetan pazientzia apur bat beharrezkoa izan den: taloa hartzeko, esaterako, 20 minutu pasa egin dituzte zain bat baino gehiagok.
Jendea, hori bai, herri bertatik, ingurukoetatik eta urrunagotik ere etorri da: Legutiotik, Gasteiztik edota Baionatik, adibidez. Eta asko izan dira, hori bai, baserritar jantzita etortzera animatu direnak; herritarrak ibili dira horretan finen.
Plaza ona
Baserritarrek eta artisauek ipinitako postuetan genero dotorea egon da ikusgai eta salgai, eta begiratzeko modukoak izan dira ganadua eta hegaztiak ere. Bertakoak eta Santamas egunean parte hartzen urteak daramatzatenak izan dira artisau gehienak, eta pozik azaldu dira, baserritarrekin batera: Arrasaten giro ona sortzen dela, plaza ona dela eta salmentak txukun joan direla kontatu digute.
Arreta piztu dute txerriek ere, bat beharrean bi eta euskal arrazakoak oraingoan; ohi baino txikiagoak, dezente kilo gutxiagokoak izateak harritu egin du jendea.
Eguraldia ere jendearen ahotan izan da eta, nola ez, baita Gabonetako Loteriaren sari nagusiaren zati on bat Arrasaten egokitu izana ere: gaur ospakizunerako arrazoi bat baino gehiago izan dute arrasatearrek.
Txerriaren zozketa
Txerriaren zozketako zenbaki saritua 1.495 izan da.