Herrikoek amaitu ondoren, jaialdiko partida estelarra hasiko da: Goñi II eta Bolinaga, Zuazua eta Lasa III.ren aurka. Partida interesgarria izango da beti ematen baitio Goñik bere puntu pertsonala. Indarra eta umorea ere ez dira faltako, ezta pilota bat galtzerakoan pilotarien amorru ohiuak. Herriko bi gazte eta profesionalak izandako bi pilotari arituko dira aurrez aurre beraz, lehen aldia da halako partidu bitxia antolatzen dela, hortaz, herritarren gustokoa izango delakoan daude antolatzaileak.
Sarrerei dagokionez, 10 euro balioko dute eta Irati, Iturriotz, Iluntz, Taupa, Kajoi eta Meneta tabernetan erosterik izango dira, baita egun berean Udal pilotalekuan ere.
Gazteak vs profesionalak
Profesional izandakoei aurre egin eta baita bikotekide onak direla adierazteko aukera izango dute Bolinaga eta Zuazuak, izan ere, bat bestearen aurka arituko dira, baina bikote bezala, bi pilotari handi izango dituzte, Goñi eta Lasa. Bolinaga oso pozik azaldu da "udan ere Goñirekin partidu batean jokatu nuen eta oso pozik nago berriz ere jokatzeaz. Asko lasaitzen du eta asko ikasten da berarekin. Oso jatorra da eta ilusioa egiten dit" adierazi digu arrasatearrak. Ahal diren eta partidu gehienak jokatzea nahi dituela esan du Bolinagak, "senior mailan nago eta nire erronka, gaur egun, ahal ditudan partidu gehienak jokatzea dira" eta asteburu honetakoak ilusio handia egiten dio, herrian bertan aritzeaz gain, profesional izandako Oskar Lasaren aurkari eta Mikel Goñiren bikote izango delako. Bolinagak gainera Zuazua ondo ezagutzen du batera aritu baitira behin baino gehiagotan.