Aurtengo txapelketako partiduetan ezusteko asko izan dira, partiduak gogorrak eta oso interesgarriak izan dira, hori adierazi du behintzat Eneko Fernandez, antolaketako kideak "jendeak asko sufritu zuen zapatuan lehiaketan aurrera egiteko. Sarritan gainera, partiduak buelta ere eman zuen, irabazten hasi eta galtzen amaituz,interesgarriak benetan".
Bestalde, datu aipagarri bat ere eman zuten antolatzaileek: finala jokatuko duen Julen Etxabe torneoko parte hartzailerik gazteena dela, hain zuzen. Gainera, aurtengo txapelketan berritasun bat egon da: ofizialtasuna. Euskal Federazioko egutegian sartu eta "federatuentzat egin dugu txapelketa, arau ofizialekin eta Aloñamendiko jokalariak gonbidatuz. Honek AKEren jardueran beste aurrera pauso bat suposatu du" eman du aditzera Fernandezek.
Balorazioari dagokionez, hau positiboa izan da, "aurreko edizioetan ligaxkak eta kanporaketak jokatzen ziren baina txapelketak asko luzatzen ziren, antolaketa nekezagoa eginez. Horregaitik aurten kanporaketa formatua ematea erabaki genuen eta guztiz asmatu dugula uste dugu. Gainera, jendeak bai ala bai jokatu behar du eta giro politagoa sortzen da Kiroldegian, ligaxka formatuarekin kale asko egoten baitziren".