Hain zuzen, hitzordu berezi hori Ointxe!-k antolatuko duen Gazteen Gabonetako Torneo barruan jokatuko dute, egitaraua osatuz. Hala, datorren egubakoitzean, hilak 27, MUko senior mailako jokalariek lagunartekoa jokatuko dute EBAko Easo talde donostiarraren kontra (19:00, Iturripen).
Gabonetako Torneoa, indarrez
Abenduaren 26tik hasita, Errioxako, Kataluniako, Madrilgo eta Euskal Herriko ordezkariak izango dira zein baino zein gehiago Iturripen. Hala, Easo A, Cornella, Clavijo, Getafe, Tabirako Baque eta MUk hartuko dute esku torneoan. Hala, lehenengo partidua hilaren 26an jokatuko dute (15:45), eta Easo eta Clavijo hasiko dira motorrak berotzen –hiru partidu izango dira arratsalde horretan, eta MUk 17:45ean jokatuko du. Goizean, baina, Saski Eskolako topaketak egingo dituzte Iturripen (09:00-14:00).
Abenduaren 27a infantil mailako taldeen topaketaz hasiko dute (09:00-10:30), eta 12:45ean hasiko dituzte gazteen partiduak. Eta abenduaren 28an finala egongo da jokoan (12:00), baina lehenago torneoko beste sailkatuak zelan geratzen diren erabakitzeko partiduak izango dira.
Informazio gehiago, Ointxe!-ren webgunean.