Orobengoa: "Erresistentzia probetan jarraitzeko asmoa dugu"

Imanol Gallego 2013ko abe. 16a, 13:40
Alcañizko proban parte hartu zuten taldekideetako batzuk.
Gustura hitza aipatu du Iker Orobengoak, Arrasateko TRT Racing taldeko kideak. Baina hitz gozo horren atzean sentipen gazi-gozo bat ere ageri da. Aurreko urtean entrenamenduetan izandako istripu batek utzi zuen Arrasateko eta Oñatiko taldea lehiaketatik kanpo (gidarietako bat oñatiarra da) eta aurten lasterketa irabaztera joan ziren.

Taldearen Ibiza Cupra autoa aproposa da proba horietarako, eta entrenamenduetan izandako sentipenek lan ona egingo zutela iragartzen zuten. "Diesel auto bat izatea abantaila handia da, gainontzeko taldeek baino gutxiago bete behar izaten dugu depositua", azaldu du Orobengoak. Hala ere, autoa ez ezik, ilusioak ere errepidean geratu ziren.

Zorte txarra berriro ere

Lasterketa ezin hobeto hasi zuten TRT Racing taldeko kideek, bigarren kokatu ziren eta deposituaren abantaila kontuan izanda garaipena eskuan zuten. 28 bueltaren ostean, baina, abiadura-kaxako errodamendu baten tapa askatu eta lasterketa utzi egin behar izan zuten; hala ere, ez ziren esku hutsik bueltatu: "Gure lana eta esfortzua kopa batekin saritu zuten".

Jarraitzeko asmoa

"Honek ez gaitu lehiaketatik urrunduko. Egia da probak aukeratu egingo ditugula, baina erresistentzia probetan jarraitzeko asmoa dugu". Orain arte ibilbide luzea egin du taldeak eta aurreko asteko proban bizi izandakoak baino une latzagoak gainditu ostean, ez dute motorra hozten utziko.  

"Lasterketa gogorrak diren arren, babeslerik gabe ez genuke ezer lortuko", dio Orobengoak. Hala ere, babesleen aurretik familiakoen eta ingurukoen lana ere aipatu du. Argi dago lagun kuadrilla den talde horretan, jarraitzaileek lasterketetan ez ezik urte osoan ere laguntzen dietela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak