CCOOk hoteleko kaleratzeen auzia epaitegira eroango du

Imanol Gallego 2013ko abe. 16a, 13:31
Egun hauetan herriko hainbat tokitan pintadak agertu dira.
Mondragon Hoteleko hiru langile kaleratu dituztela salatu berri du CCOOk. Diotenez, hiru langileak sindikatuko kide izateagatik kaleratu dituzte: "Ugazabak arrazoi ekonomikoak aipatu dituen arren, protestatzeagatik kaleratu dituzte", salatu du CCOO sindikatuko kide Julian Feok. CCOOko kideak oso hitz gogorrak erabili ditu hotelaren kontra, eta euren iturrien arabera, langileek urteko ordu kopurua abuzturako eginak zituztela gaineratu du.

Sindikatuak argi utzi nahi izan du edozein kaleratzeren kontra daudela, baina hotelaren kasua bereziki aipagarria dela: "Abisurik gabe jakinarazi zieten kaleratzea; 00:30ean, txanda bukatu eta gero, bulegora igotzeko eskatu, eta bertan eman zieten kaleratze gutuna", argitu dute CCOOtik. Langileen eskubideak defendatzeko hau guztia epaitegira eroango dutela gaineratu dute sindikatutik.

GOIENA Mondragon Hotelarekin harremanetan jarri da, baina bertako arduradunek uko egin diote hitz egiteari.

Tabernaren berrantolaketa

Kaleratutako hiru langileak zerbitzariak ziren, eta, sindikatutik jakinarazitakoaren arabera, "langile gutxiagorekin zerbitzua mantentzeko beheko solairua berrantolatu eta barra txikiagoa jarri dute". Sindikatuaren arabera, "ez dira lanorduak errespetatuko".

Herrian agertu diren pintadekin zerikusik ez dutela argitu ostean, elkarretaratzeak egingo dituztela aurreratu dute: "Auto karabana egingo dugu laster, baina oraindik ez dugu data zehaztu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak