Egubakoitzean aurkeztuko dute Arrasate Musikalen 40. urteurreneko DVDa

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko abe. 16a, 13:10

Edorta Aiastui DVDarekin, musika eskolako perkusio gelan.
Ukaezina da Arrasate Musikalek herrian duen oihartzuna. Musika eskolak 1972an Metalurgica Cerrajera Mondragon enpresak utzitako pabiloian -egun Mankomunitatea dagoen eraikinean- hasi zuen bere bidea, eta ordutik hainbat lekualdaketa eta makina bat gertaera bizi izan dituzte. Egun Monterron jauregia dute egoitza eta han hartu gaitu Edorta Aiastuik, 40. urteurrena dela-eta egubakoitzean aurkeztuko duten DVDaren gainean berba egiteko: Arrasate Musikal, herri baten adierazpena. Kulturaten aurkeztuko dute, 19:30ean.

"Gure hasierako asmoa zen 50 urte betetzen genuenean egitea ikus-entzunezkoa, baina Dragoi Produkzioak enpresako arduradunek proposamena egin ziguten eta aurrera egitea erabaki genuen", dio Aiastuik. Bi zati ditu, "oso ondo bereizita" daudenak. Batetik, 40 urteen kontakizun kronologikoa egiten da: "Arrasate Musikalen bilakaera jasotzen du; egoitza aldaketak eta irakaskuntza ereduaren bilakaera nolakoa izan zen erakusten du, besteak beste". Bestetik, Arrasate Musikalen egungo egoeraren berri ere ematen du ikus-entzunezkoak: "Irakaskuntza aldetik zer eskaintzen dugun, antolatzen ditugun ekintzak eta nola osatuta gauden erakusten du. Herriarekin dugun harreman estua ere argi ikusten da DVDean". Horrez gain, eskolarekin zerikusi estua duten pertsonekin egindako elkarrizketekin ere osatu dute ikus-entzunezkoa: "Ez dute inongo oztoporik jarri parte hartzeko eta benetan eskertzekoa da", diote egileek.

Inoiz baino ikasle gehiago

40 urteren ostean osasuntsu dago Arrasate Musikal. Ikasturte honetan 605 ikasle matrikulatu dira: "600 ikasleen langa gainditu dugu lehen aldiz, baina Arrasaten zein egoera bizi digun ikusita auskalo zer gertatuko den datorren urtean", esan digu Aiastuik. Ikasle aldetik bizi-bizi dago eskola baina ekonomikoki ez daude unerik onenean: "Jaurlaritzatik murrizketak heldu zaizkigu".
Gabonetan agenda emanaldiz lepo izango dute: ikasleak Kulturaten –DVDa aurkeztu baino lehen– eta Iturbide egoitzan; Gabon-zaharreko bandaren kontzertua Amaian Goikobalu abesbatzaren kolaborazioarekin... Arrasate musikatzen jarraituko dute.

Pendrive-a edo DVDa salgai

Ikus-entzunezkoa DVDean eta lau gigabyteko pendrive baten salduko dute, abenduaren 20tik aurrera. Kajoi, Itzala eta Rumba tabernetan eta Ttukun, Elkar, Tamayo, Eya Etxetresnak, Jon eta Elkoro dendetan erosi ahalko da, hamar eurotan. Arrasate Musikalen ere jarriko dute salgai urtarrilaren 7tik aurrera, 16:30etik 19:30era. "Bizi guztian gordetzeko" dokumentua da, Aiastuiren arabera: "Gainera, herriko jende asko agertzen da eta horrek ere polita egiten du ikusteko", gaineratu du.

Erlazionatuak

Arrasate Musikal 40. Urteurrena

Kepa Martelo 2013 mai 25 Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak