Alfredo Morazaa: "Bailaran XVI. mendetik aurrera hedatu zen zeramikagintza"

Imanol Gallego 2013ko abe. 16a, 09:55
Moraza, Kulturaten egindako hitzaldian.
Historiaurrean nekazaritzatik sortu ziren herri eta hiriak, abeltzaintzak egonkortu zituen eta zeramikak gizarteari baliabideak eman zizkion. Gure bailarara, baina, askoz geroago iritsi zen buztingintzaren ofizioa. Alfredo Moraza (Hernani, 1966) arkeologo eta historialariak bailarako teileriaren eta zeramikaren mundua gerturatu zien herritarrei martitzenean. Bada, Arrasateko iragana astintzen zikloko hirugarren hitzaldiarekin, Arrasate Zientzia Elkarteak Kulturateko Areto nagusia entzulez betetzea lortu zuen.

Arrasaten burdingintzak ospea lortu zuen; eta zeramikak?
Zeramika ez zen benetako industria bat izan. Hasieran, Gaztelatik ekartzen zituzten ontzi eta materialak; hemen, XVI. mendetik aurrera hasi ziren zeramika eta teilagintza garatzen.

Zeramika eta teilagintza bereizten dituzu; zergatik?
Biak bereiztea beharrezkoa da. Kontuan izan behar da garai hartan ere hala gertatzen zela. Teilaginek ez zuten zeramikarik egiten eta alderantziz ere gauza bera gertatzen zen.

Euskal Herri osoan teilagintza eta zeramika aldi berean garatu ziren?
Nafarroan eta Araban Erromatar garaiko tailerrak topatu ditugu; hemen, aldiz, Erdi Arora arte ez ziren tailer propioak garatu.

Zergatik?
Barne kontsumo kontu bategatik. Arrasatekoa bezala, hiribilduak su baten aurrean oso ahulak ziren eta buztinez egindako manposteriek, estrukturak indartzeaz gain, sor zitezkeen suetatik ere babesten zituzten. Horrez gain, ez zen oso ofizio errekonozitua eta gehienetan kanpoko jendea aritzen zen horretan.

Gaztelako artisauak?
Ez, hasieran iparraldeko jendea hasi zen honekin, eta urteekin tamargoek hartu zuten lan hauen ardura.

Nortzuk izan ziren tamargoak?
Tamargoak Asturiastik etorritako pertsonak ziren. Hemen bizi ostean sorlekura bueltatu zirenean, euskarazko hitz asko zituen hizkuntza bat ere sortu zuten.

XVI. mendean hasi eta XIX. mendean amaitu zen?
Ez zen inoiz industria handi bat izan. Barne kontsumoak behera egin ahala, tailer eta labe gehienak desagertzen joan ziren. Baina oraindik aztarna ugari aurki daitezke. Bailaran 16 teilagintza egon ziren eta ohikoa da herri gehienetako toponimian ofizio honekin lotuta dagoen txoko bat edo beste aurkitzea. Zeramika  labeak, aldiz, urriagoak izan ziren, baina bailara honetan bi izan ziren. Eskoriatzakoa, adibidez, jendeak ikus dezakeen altxor horietako bat da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak