Korrikalariek 6,4 kilometroko ibilbidea egin behar zuten Arrasateko kaleetan eta lehen kilometroetan Ander Okamika lekeitiar gaztea aurreratu da. Lehen itzulia amaitzerako bera zihoan buruan, eta metro gutxira bailarako hiru korrikalarik eta Goñi irabazleak osatutako taldea zuen.
Erritmo aldaketak eta erasoak etengabeak izan dira lasterketa buruan eta azkeneko itzulia hasteko metro batzuk falta zirela Beñat Arnaizek azken erasoa jo du. Goñik eutsi eta aurrea hartzea lortu du. Azken metroetan lasterketa kontrolpean izan du eta berak zeharkatu du lehen postuan helmugako marra 20:48ko denborarekin. Bi segundu beranduago heldu da Arnaiz eta 21:01ko denborarekin Okamika izan da hirugarren.
Emakumezkoetan, Ane Zabala arrasatearra hedu da lehena helmugara, Nere Arregi izan da bigarrena eta Raquel Alonso hirugarrena.
Koadrila artekoa, Lekeitiora
Lekeitiarrak izan dira nagusi gaurkoan Santamasetako 36. krosean -Enrike Kabiketaren 11. omenezkoan. Gizonezkoetan, eurentzat izan da urtero jokatzen den koadrilen arteko lehia ere eta Garrai taldea izan da garaile. Bigarren saria Antxintxika taldearentzat izan da eta hirugarrena Arrasate Runners-entzat. Emakumeetan bi talde bakarrik sailkatu dira lehia honetarako: Ziga gym (lehenak) eta Oin azkarrak (bigarrenak).
Umeen parte-hartze handia
Eguerdi partean izan da lasterketa nagusia baina goizean zehar korrikalari txikiz bete da Herriko plaza. Izan ere, adinaren arabera banatuta, sei lasterketa egin dituzte 5 eta 12 urte arteko neska-mutikoek. Gustura jaso dituzte txikienek guraso eta herritarren animoak.