Azken partiduetako porroten ostean, gogotsu irten ziren zelaira Igor Isasiren mutilak zapatuan, zorte txarreko boladari buelta eman guran. Eta aise garaitu zuten bisitaria; 40. segundorako markagailuan aurretik zihoazen.
Talde gaztea zuten aurrean, hasiberria, eta errazegi hartu zituzten menpean sarrailagileek nafarrak. "Denbora gutxi daramate errugbian federatuta jokatzen eta ia-ia lagun koadrila talde bat dela esango genuke, hori bai, azken aldian hobetzen joan direnak", azaldu du Isasik.
Hiru laurden bikain
Bertaratutako zaleek Kanpanzar Arrasate taldearen jokaldi ikusgarriez gozatu ahal izan zuten; hain zuzen ere, jokoari dagokionez, arrasatearrek maila ona erakutsi zutela eman du aditzera entrenatzaileak. "Hasieran partiduan sartzea kostatu zitzaigun arren, hiru laurdenak esanguratsuak izan dira, jokaldi politak ikusteko aukera egon dela esango nuke. Esate baterako, guk 7 entsegu egin ditugu". Aipatzekoa da, gainera, horietariko lau jokalari berdinak egin zituela, Beñat Salaberrik, hain zuzen ere.
Halere, nahiz eta partidu erraza izan zen, neurria hartzeko baliogarria izan zitzaien etxekoen partidua. "Beharra geneukan, motibatzeko balio izan digu eta datozen partiduetarako indarberritu garela esango nuke".