"Kontrarioak defentsan erraztasun handiak ematen dituenean, sarri, mesederako baino kalterako izatean da". Josu Larreategiren adierazpeanak dira, printzipioz kontraesana dirudi, baina kantxan ikusi ahal izan zen: "Saskiratzeak errazegi ikusten ditugunean batzuetan nahastu egiten gara, saskira bota beharrean soberan dagoen beste pase bat ematen dugu, esaterako, eta gaur halaxe ibili gara. Ondo ezagutzen dugun kontrarioa genuen aurrean, eta minutu txar batzuk izan ditugun arren, berriro estututa aurrera atera dugu partidua".
Hamargarren garaipenaren bila
Urtea bikain agurtzeko etxetik kanpora jokatuko du MUk datorren astean, sailkapenean oso atzean dagoen Ardoiren kantxan: "Kuriosoa da, taldea ezagutzen dudalako eta saskibaloian jokatzen dakitela uste dudalako. Baina, zorte txarraz-edo ibiliko dira, partiduak irabazi ezinka".
Gabonetako torneoa, gertu
Ointxe! Saskibaloi Taldeak antolatuta VI. Gabonetako saskibaloi Torneoa jokatuko dute abenduaren 26tik 28ra bitartean. Aurtengoa, baina, hitzordu berezia izango da, torneoa baliatuko dutelako urteurren berezi bat ospatzeko: 45 urte pasa dira Arrasaten lehen saskibaloi partidua jokatu zutela. Hala, Gabonetako torneoa gazte mailara bideratuta badago ere, urteurrena ospatzeko, seniorrek EBAko talde baten kontra jokatuko dute lagunartekoa (abenduaren 27an, 19:00etan).
Puntako taldeak lehian
Abenduaren 26tik hasita, Errioxako, Kataluniako, Madrilgo eta Euskal Herriko ordezkariak izango dira zein baino zein gehiago. Hala, Easo A, Cornella, Clavijo, Getafe, Tabirako Baque eta MUk hartuko dute esku torneoan. Hala, lehenengo partidua 15:45ean jokatuko dute, eta Easo eta Clavijo hasiko dira motorrak berotzen –hiru partidu izango dira arratsalde horretan, eta MUk 17:45ean jokatuko du. Goizean, baina, Saski Eskolako topaketak egingo dituzte Iturripen (09:00-14:00). Bistan dago, horrenbestez, Gabonetako saskibaloi egitaraua ez dela gazteen torneora mugatuko.
Abenduaren 27a infantil mailako taldeen topaketaz hasiko dute (09:00-10:30), eta 12:45ean hasiko dituzte gazteen partiduak. Lehenengoan Getafek eta Tabirakok jokatuko dute, eta beste bi partidu izango dira ondoren –MUrena, 17:00etan hasiko da. Eta abenduaren 28an finala egongo da jokoan (12:00), baina lehenago torneoko beste sailkatuak zelan geratzen diren erabakitzeko partiduak izango dira.
Hilaren 27an, afaria
Kanpoko talde guztiek Biteriko egoitzan igaroko dituzte egun horiek, eta 27an batera afalduko dute denek.