Oso partidu berdindua eta orekatua jokatu dute Ford Mugarrik eta Egiak

Ander Larrañaga 2013ko abe. 8a, 19:36

Gaurkoa izan da Ford Mugarri Arrasate taldearentzat partidu erabakigarrietako bat: Egia Ur-Zaleak talde donostiarraren aurka jokatu du partidua Iturripen eta hogeita bina amaitu dute. Bi taldeek puntu bana lortu ostean, puntu kopuru berarekin jarraitzen dute, 16 punturekin hain zuzen ere; nahiz eta, arrasatearrak aurretik ibili, gol kopuru altuagoa dutelako. Aurretik ere egoera berean zeuden bi taldeak, horregatik zen hain garrantzitsua gaurko partidua: galdu ezkero, donostiarrek aurre egingo zietelako sailkapenean bestela, bigarren postua Arrasatekoei kenduz.

Oso partidu korapilatsua izan da. Joko berdindua gailendu da norgehiagoka guztian zehar; ez da gol kopuruan alde nabarmenik egon bi taldeen artean. Hasierako minutuak nahiko lasaiak izan dira: apurka-apurka markagailuan puntuak gehitzen joan dira, baina, denborak aurreka egin ahala, tentsioa arnas zitekeen. 14-13ko emaitzarekin joan dira atsedenaldira, lehenengo zatia amaituta eta 22 punturekin berdinduta zeudela amaitu dapartidua. Azkenengo minutuak izan dira gogorrenak eta erabakigarrienak: Donostiakoak aurretik zihoazela gol baten aldearekin, bailarako taldeak aurre hartzen jakin du, ikusle debagoiendarren pozerako.

Orokorrean, oso joko polita eta bizia egin dute bi taldeek eta ez da partidu samurra izan inorentzako: bistakoa izan da eraso jokaldietan oinarritu dituztela euren taktikak.

Zarauztarren aurrean, porrota 

Gaur goizekoaz gain, beste hitzordu bat ere izan zuten Pablo Garciaren mutilek, egubakoitzean: Euskadiko Koparen baitan, Zarautzeko Amenabar ZKE taldearen aurka jokatu zuten Iturripen. Hau aldiz, ez zen partidu atsegina izan etxekoentzat, 23-28 galdu zuten-eta, tamalez. 

Hala ere, kontuan izatekoa da zarauztarren taldea Ohorezko B mailan jokatzen duen taldea dela; Ford Mugarri baino maila goragoan.

Datorren astean azkenengoen aurka 

Aste honetan izango da Eskubaloiko Ligako 2013ko azken jardunaldia eta talde arrasatearrari kanpoan jokatzea tokatzen zaio; Getxora joango da Erromoko Eskubaloia taldearen aurka jokatzera, zapatuan, hilaren 14an.

Nahiz eta kanpoan jokatu, ez dute oso zail izango Arrasatekoek talde getxotarra menderatzeko: izan ere, azken postuan doa Getxo sailkapenean, puntu bakarra eskuratuta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak