Arrasateko Azoka Plazak irudi berria du

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko abe. 7a, 10:59

Bagarak sustatu eta herriko hainbat eragile garatzen ari diren azoka biziberritzeko GUreztatu ekimenak lehen emaitza ikusgarriak eman ditu. Azoka Eguna egin zen apirilean eta etorkizuneko azoka nolakoa izango den irudikatzeko balio izan zuen, baina herritarrarendako modu ikusgarri eta finkoan zerbait aldatzen ari dela frogatzen duten lehen emaitza dira plotterra eta marka irudia: "Plotterrak lehen hileko hirugarren zapatuan egiten zen azoka jasotzen zuen baina ez zen Azoka Plazako postuena. Azoka Plazan postua dutenek eskatuta, hori aldatu egin zen eta orain ordutegia zein saltoki finkoak jasotzen ditu", adierazi digu Bagarako Onintze Guridik.

Zazpi dira egunero bertan dauden saltokiak; ordutegia, berriz, honakoa: astelehenetik egubakoitzera, 09:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara eta zapatuan, berriz, 09:00etatik 14:00etara. Azoka egun berezietan honakoa da ordutegia: eguaztenean, 07:00etatik 13:00etara, eta egubakoitzean 06:00etatik 13:00etara.

3.000 poltsa berrerabilgarri

Plotterrarekin eta marka irudiarekin batera, joan den astean hasi ziren banatzen poltsa berrerabilgarriak. 3.000 poltsa banatuko dituzte, Azoka Plazan edozein erosketa egiten duten herritarren artean, doan. Hots, saltoki finkoetako dendariek, hileko hirugarren zapatuan parte hartzen duten baserritarrek eta eguazten zein egubakoitzetan Azoka Plazara jaisten diren saltzaileek banatuko dituzte poltsa berrerabilgarri horiek, agortu arte.

Amaitu da bigarren fasea

Marka irudia sortzearen beharra GUreztatu ekimenaren lehen faseko ondorioetako bat izan zen: "Marka irudia herritarren botoen bidez aukeratu ostean, orain irudi hori leku ikusgarri baten ipini dugu". Ekintza horrekin bigarren fasea amaitutzat jo dute, lan ildo batzuk oraindik lanean jarraitzen duten arren.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak