Amaia Etxabe, herri-eskolen antolatzailearen esanetan "abenduak 6, Konstituzioaren eguna da eta argi daukagu euskal herritarrok ez daukagula ospatzeko ezer. Konstituzioak jartzen dizkigun mugen gainetik gure eredua eta sinisten dugun Euskal Herri hori eraikitzen hasi behar dugu gaurtik eta horretarako elkartu gara Debagoieneko herri-eskoletan".
LOMCE legea ezagutu eta zer ekarriko duen aztertu zuten herri-eskolan. Etxabek Nelson Mandela gogoan izan zuen: "Mandelak esaten zuen hezkuntza dela mundua aldatzeko armarik indartsuena. Zein arrazoi hobeagorik guk hemen LOMCE zer den ezagutu, zer ekarriko digun aztertu eta horren aurrean zer eredu proposatzen dugun adieraztea baino".
LOMCEk izango duen eragina aztertu zuten ikuspegi ezberdinetatik: klase ikuspegitik, nazio ikuspegitik eta ikuspegi feministatik. Etxabek esan zigunez, "hori aztertuta egin duguna izan da inposaketa honen aurrran zer eredu proposatzen dugun galdetu. Nazio identidadearen eta hezkuntza hezkidetzaren aldeko apostua egiten dugu. Merkantilizazioan eta mundu globalizatuan kokatzen du hezkuntza LOMCE legeak eta horri aurre egiteko gu beste eredu horien zertzeladak zehazten aritu gara".