25 urte tokiko informazioa euskaraz lantzen

Irati Goitia 2013ko abe. 9a, 01:00

Abenduaren 2a, Euskararen Nazioarteko Egunaren bezpera, egun seinalatua da Debagoienean. Izan ere, egun horretantxe, orain dela 25 urte sortu zen Arrasate Press. Eta egun berean, baina orain dela 10 urte sortu zen Goiena.net Interneteko ataria.

'Arrasate Press', aitzindaria 

Tokian tokiko informazioa euskaraz lantzen aldizkari aitzidaria izan zen Arrasate Press. Erreferente, ondoren etorri ziren beste hainbatentzako.

Sorrera hartan, era batean edo bestean, zerikusia izan zuten hainbatekin izan gara. "Nik uste dut Arrasate Press-en ekarpenik handiena izan zela euskararentzako ez zegoen esparru bat sortu zuela: prentsa lokalarena. Ordura arte ez zegoen era horretara antolatutako ezer. Bazeuden kultura aldizkariak-eta, baina ez bertako informazioa lantzen zutenak. Horixe egin zuen, eta, izan zuen arrakasta ikusita, beste herri askotan zabaldu zen eredua", dio Arrasate Press-eko lehen zuzendari izan zen Joxe Arantzabalek. Talde sortzaileko kide izan zen Jose Felix Diaz de Tuesta bat dator: "Herri txiki batean hori egin ahal izateak bidea ireki zien beste askori. Hain justu, handik gutxira sortu zen Egunkaria". 

Juan Luis Azkarate Arrasate Press-eko kazetaria zen orain dela 25 urte; hura beste ekarpen batez ere mintzo da: "Uste dut euskararen normalizaziorako oso urrats garrantzitsua izan zela". Orduko alkate Xabier Zubizarretak ere ildo hori azpimarratu nahi izan du: "Nik uste dut tokiko bitartekoa izanik, gure identitatearekin edo izaerarekin lotura bereziak lortu zituela; beharbada, balio berezi batzuk mantentzeko bitarteko egokiagoa da urrutiko medio asko baino. Hala, guregana etorri zirenean proposamena egitera, zalantza gutxi izan genituen, planteamendua berritzailea bazen ere".

"Guztion aldizkaria"

"Ez zuen alderdikeriarik, euskaldunekiko ikuspegia baizik. Euskaldun guztientzat eginiko aldizkaria zen", dio Arrasate Press sortu zenean AED elkarteko presidente zen Joxemari Muxikak. Eta gaineratzen du eredu haren oinarri finantzarioak bi izan zirela: batetik, publizitate bidez finantzatzen zen %56 inguru. Horrek adierazten du jendeak ondo ikusitakoa zela. Bestetik, diru laguntzak ere jasotzen ziren". 

Beste ezaugarri batzuk ere garrantzitsutzat jotzen ditu Diaz de Tuestak: "Doakoa izatea eta euskalgintzaren eta Udalaren inplikazioa lortzea garrantzitsuak izan ziren". Ildo horretatik mintzo da baita Estepan Plazaola ere, Goienako presidente ohia: "Gizarte eragileen eta administrazioaren arteko elkarlana izan zen. Ez zen administrazioak diruz laguntzea izan bakarrik".

Tokikom-eko presidente Mikel Irizarrek urrezko domina bat irabazi zuela dio: "Auto-edizioaz hasi zen funtzionatzen Arrasate Press, Gipuzkoan liderra zen El Diario Vasco-k hiru urtera sartu zuen. Beraz, euskarak urrezko domina bat irabazi zuen". 

Jon Sarasuak, Garabideko kideak, garai hartan izandako intuizioa azpimarratzen du: "25 urte geroago sen egokia izan zela ikusi dugu eta urte hauetan guztietan lan egokia egin dela".

10 urte sarean 

"Arrasate Press sortu zenean, ez genituen egungo GOIENA papera edo beste euskarriak irudikatzen. Garai berrietara egokitzen jakin duela esango nuke", esan digu Zubizarretak. 

Halaxe sortu zen Goiena.net ataria orain dela 10 urte, garai berrietara aurreratzeko asmoz; Goienako zuzendari Iban Arantzabal: "Arrasate Press-ek asmatu zuen auto-edizioaz, Goiena.net antzerako zerbait izan zen. Blog munduarekin hasi ginen eta Sustatu.com-en sorreran ere hartu genuen parte, edukien aldetik. Segituan etorri zen Goiena.net. Ekarpena izan zen euskara kioskoetan, tabernetan eta telebistaz etxeko egongeletan egotetik, indar handia hartzen zebilen beste pantaila baten ere izatea".

Iban Arregik, Berria Taldeko kontseilari ordezkariak, hau nabarmendu du: "Goiena.net-en ekarpen nagusia izango litzateke erdal medioen hegemoniari aurre egiten diela. Eskualdean gaztelerazkoak baino erreferenteago da".

Hedabide tradizionalak krisian 

Egungo komunikabide ereduaren gainean gogoeta asko egiten dira, batez ere, prentsaren inguruan. Esaten da hedabide tradizionalak krisian daudela. Hainbat aditurekin izan gara berbetan.

"Zaila izango da paperak zein etorkizun izango duen jakitea. Gogoratzen dut orain dela bost bat urte batek esaten zuela paperezko egunkariak desagertuko zirela 2050ean eta guztiok erantzun genuela: 'Beno, beno, beno...'. Egun, ez dakit iritsi ere egingo diren, izatekotan gutxi batzuk", dio Goio Aranak, Mondragon Unibertsitateko irakasleak. Aitor Zuberogoitia MUko irakasleak unibertsitatean eginiko ikerketa baten berri eman digu: "Iaz azterketa bat egin genuen ikusteko zela informatzen diren gazteak eta ikasle batek esan zigun: 'Zela joango naiz paperezko egunkari batekin kaletik!'. Argi dago paperari ez diotela erreferentzialtasunik ematen; sareari bai, ordea". Amaia Pavon ere MUko irakaslea da eta honakoa zehazten digu: "Nik uste dut gero eta gehiago bilatzen dugula Interneten entretenimendua; ikus-entzunezko euskarrira jotzen dugu gehiago, idatzizkora baino". 

Bestalde, teknologia berriek kazetariaren lana bera ere jarri dute bidegurutzean. "Internetek ahalbidetu du kazetari ez direnei hitza ematea. Hala ere, nik, kaleko herritar bezala, gertaera bat kontatzeak ez nau kazetari bilakatzen. Kontakizun horiek ezingo dira parekatu kazetari baten lanarekin, beste entitate bat izan behar du azken horren zereginak", dio Pavonek. Eneko Bidegain MUko irakasleak honakoa gaineratzen du: "Ez Internetekin, ez ezerekin, ez dira kazetari batek izan behar dituen dohainak aldatuko. Gaitasun berriak beharko dira, esaterako, etengabe egokitzen joatea, baina beharrezkoak izaten jarraituko dute: idazteko zuzentasunak, sintesia egiteak, mundua ulertzeak edo memoria historikoa izatearen beharrak".

Komunitatea sortzea

Joxe Arantzabalek beste kazetaritza eredu bat proposatu digu: "Alemanian zabaltzen ari da sakoneko kazetaritza eta arrakasta izaten ari da. Guk bat-bateko informazioa lantzen dugu batez ere, baina aurrerantzean kazetariak informazioa gehiago landu beharko du". Ildo beretik mintzo da Arana ere eta adibide bat jartzen digu: "Istripu bat izan bada, gaur eta orain albiste nagusi izan daiteke sarean, baina paperean (bost egun geroago) azaldu beharko duzu, agian, zergatik gertatu diren horrenbeste istripu zona horretan azken urteotan". Zuberogoitiak, berriz, bi tendentzia nabarmentzen ditu: "Bat izan daiteke El Mundo-k, New York Times-ek edo Naiz.info-k hartu duten kobratzearen erabakia. Beste bat izan daiteke (Berria-k egin zuen bere garaian) zure inguruan komunitate bat sortzea. Bigarren ideia hori interesgarriagoa izan daitekeela iruditzen zait; izan ere, langak jartzea Interneten beraren logikaren aurka doala begitantzen zait". Maite Iturbek, Eitb taldeko zuzendari nagusiak, komunitatearen garrantziaz hitz egin digu: "Internetek informazioz itotzen gaitu. Arazoa da hori nola landu eta nola komunikatu. Ideia komunak edo komunitate txikiak sortu behar dira. Euskara da gure komunitatea egiteko link nagusiena".

Hain zuzen, bigarren bide hori hartu du Goienak. "Kazetariak aspalditik dira multimedia Goienan. Erraz sartu ginen bide horretan. Orain, gure ekimena da kazetari dinamizatzailearena. Inguruan saretze bat lortzera bidean lan egingo duen kazetaria da", azaldu digu Iban Arantzabalek.

-----------------

'Goiena.net' berritua

Goiena.net-ek ere urteak bete ditu abenduaren 2an, Arrasate Press-ek bezala. 10 urte dira Goiena.net abian jarri zela. Goienaren hedabiderik gazteena da, hortaz, eta gehien hazi dena ere bai. Gaur egun, batez beste, 5.000 erabiltzaile bakar ditu astean zehar. Berrituta etorriko da Goiena.net datorren astean eta abenduaren 12an ekitaldi berezia egingo da hori aurkezteko Arrasaten, Kulturaten. Komunitatea, Aurreztu.com eta Gida izango dira Goiena.net-eko berritasun nagusiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak