'Ganorazko Keinuak' Arrasaten

Jagoba Domingo 2013ko abe. 3a, 18:01

Bizitzeko beste filosofia bat edo eredu bat lortze aldera, Ganorazko Keinuak eguna antolatu dute Arrasaten datorren zapaturako, hilak 14. Udalak, Emausek eta Gureztatuk elkarlanean, hainbat tailer, erakusketa eta ekintza egingo dituzte, eta gaurkoan nondik norakoak azaltzeko bilera egin dute.

Datorren zapatuan, abenduaren 14an, Ganorazko keinuak eguna antolatu dute Arrasateko Udalak, Gureztatuk eta Emausek elkarlanean. Ganorazko keinu-en helburua, Arrasaten jasangarritasuna, birziklapena, berrerabilpena eta kontsumo arduratsua bultzatzea da; hau da, bizitzeko beste filosofia edo eredu bat bultzatzea. Herriko hainbat eragilek Ganorazko keinu-ekin bat egin dute; Ibai-Artek, Txatxilipurdik, Aspacek, Jakionek, Harremanek, Ekin Emakumeak edota Harremanek beste batzuen artean.

Bada, Ganorazko keinuak egunaren nondik norakoak azaltzeko, bileratxo bat egin dute gaur goizean Maider Morrasek, Arrasateko Udaleko berdintasun zinegotziak; Onintza Guridik, Gureztatuz prozesuaren ordezkariak eta Maider Sagredok, Emauseko hezkuntza teknikariak. Bertan egindakoa bateratu dute eta azken xehetasunak landu dituzte.

Artisauak eta truke azokak

Ganorazko keinu-en eguneko ekintzen epizentroa, Seber Altube plaza izango da; Biteri plazan, Udal Azokan eta Kulturaten egingo dituzte-eta ekintzak. Goizean goiz hasiko dira ekintza eta erakusketekin; besteak beste, 10:00etan zabalduko den Azokan, Txatxilipurdik jostailuak trukatzeko gunea jarriko du, eta bailarako hainbat artisauek postua jarriko dute. Horrez gain, bidezko merkataritza produktuak egongo dira eta eguerdian hainbat kulturatako janaria jateko aukera egongo da, Arrasateko Garagunea eta Ekin Emakumeak elkartearen eskutik.

Puzgarriak Biterin eta tailerrak Kulturaten

Emausek betalde, Seber Altube plazan bigarren eskuko produktuekin apaindutako egongelen erakusketa egingo du eta Kulturaten hainbat tailer egingo dituzte. Kulturateko areto nagusian ere, sormen gunea jarriko dute, Maider Sagredoren arabera, geroz eta liburu gehiago botatzen ditugulako, eta bertan liburuz betetako edukiontzi bat jarriko dute, sormena lantzeko. Horrez gain, Emaus-ekoek euren produktuak ezagutzeko aukera eta Arrasaten zabalduko den Ekozenterraren maketa egongo da. Kulturaten bertan ere, herritarrek Ganorazko keinuak idazteko arbela ere jarriko dute, norberak ekarpenak egiteko. Biteri plazan ere, egongo da zer egin, Ibai-Arte merkatari elkarteak gaztetxoenentzako puzgarriak jarriko ditu eta.

Egitaraua datorren astean

Azken finean, Arrasateko hainbat eragilek batera, beste bizitza eredu bati keinuak egiteko eguna izango da. Datorren astean emango dituzte egitarau osoaren xehetasunak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak