"Euskara lehentasunezko hizkuntza izan dadila aldarrikatzeko eguna da"

Imanol Gallego 2013ko abe. 3a, 11:08

Gaur ospatuko den Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta, Inazio Azkarragaurizar, Arrasateko alkateak euskara Euskal Herriaren hizkuntza dela kontutan izanik, ondoko bandoa osatu du Alkatetzatik:

Euskarararen Nazioarteko Eguna ospatzeko eta aldarrikatzeko eguna da. Baina euskara bizirik egon arren, normalizaziotik urrun dago oraindik. Horregatik, euskal herritar guztiontzat eguneroko arlo denetan euskara ohiko eta lehentasunezko hizkuntza izan dadila aldarrikatzeko eguna da, batez ere.

Euskarak, normalizatuko bada, hizkuntza politika berria eta herritarren aktibazioa behar ditu ezinbestean. Udal honen helburua da gure herrian euskara izatea harremanetarako eta bizitza sozialerako hizkuntza nagusia. Horregatik, gure konpromisoak betez jarraituko dugu:

  1. Euskaldunen hizkuntza eskubideak bermatuz eta euskara administrazio osoan lan eta zerbitzu hizkuntza bihurtzea bultzatuz.
  2. Euskararen arnasguneak indartuz.
  3. Udalaren kontratazio-publiko eta lehiaketa guztietan hizkuntza-irizpideak txertatuz eta garatuz. 
  4. Hiztun berriak lortuz eta euskararen ezagutza udalerrian unibertsalizatzen lagunduz.
  5. Herriko euskararen aldeko bilgune sortzen eta gorpuzten lagunduz.

Halaber, herritar guztion esku dago euskara Arrasateko hizkuntza nagusi bihurtzea. Horregatik, Arrasatear euskaldunak gonbidatzen ditugu euskaraz bizitzeko konpromisoa hartzera:

  1. Dakienak edonon, edonorekin eta edonoiz erabiliz
  2. Ez dakienak euskara ikasiz
  3. Erdipurdi dakienak euskara erabiliz, hobetuz.

Halaber, Udalak herritar euskaldunak gonbidatzen ditu Udalarekin dituzten harreman guztietan, ahozkoetan zein idatzizkoetan, euskaraz jardun daitezen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak