Nazioarteko eta bertako akordeoilari onenen topaleku, berriz ere, Arrasate

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2013ko abe. 4a, 01:00

Akordeoien asteburua izango da datorrena, Arrasaten. Hauspoz elkarteak antolatuta eta, besteak beste, Arrasateko Udalaren eta SUDC elkartearen laguntzarekin 350 parte-hartzaile izango dira abenduaren 6tik 8ra bitartean izango den aurtengo edizioan.

Aurrekoetan moduan, oraingoak ere hiru ardatz izango ditu: Arrasate Hiria, Nazioarteko 21. Akordeoi Lehiaketa; 34. Gipuzkoako Akordeoi Lehiaketa; eta 26. Akordeoi Jaialdia. 

Lehiaketa erreferenteak 

Prestaketa lanak urte osoko lanak diren arren, bezperako egunak zoratzekoak direla aitortu du Iñigo Aizpioleak, Hauspoz-eko koordinatzaile nagusiak: "Jende asko mugitzen dugu, dokumentazio asko prestatu behar da eta koordinazio handia eskatzen du;  eta horrez gainera, parte-hartzaileen zalantzei eta beharrei ere erantzun behar diegu. Baina horrela behar du izan, guretako urteko asteburu garrantzitsuena da-eta". Ez zaio arrazoirik falta, izan ere, nazioarteko hiru lehiaketa garrantzitsuenen artean dago Arrasatekoa, Alemaniako Klingenthal eta Italiako Castelfidardorekin batera. Astelehena ezkero hasi ziren Arrasatera heltzen 11 herrialdetatik datozen 17 musikariak. Horietatik lau aurreko edizioetan izandakoak dira. Iaz baino gehiago izango dira, bada, iaz zazpi herrialdetik 11 musikari etorri ziren-eta. 

Epaimahaikideak, berriz, bost dira eta bihar, abenduak 5, helduko dira gurera. "Epaileen kalitateak ematen dio ospea lehiaketa bati. Guretako, aurtengo bereziena Georg Katzer alemana da; derrigorrezko programan haren obra bat dagoela-eta, gonbidatzera ausartu ginen eta segituan eman zigun baiezkoa. Ez zen eskaera samurra izan, 78 urte ditu-eta. Irungo Iñaki Alberdirekin batera, Geir Draugsvoll norvegiarrak, Mie Miki japoniarrak eta Errusiako Alexey Artemyevek osatuko dute adituen mahaia", dio Aizpioleak.

Gipuzkoako Lehiaketak ere sona handia du: "Estatuan ez dago maila horretako besterik; aurten zazpi autonomia-erkidegotatik 31 musikari datoz. Adinaren eta zailtasunaren araberako hiru kategoriatan lehiatuko dira", argitu dute Hauspoz elkarteko ordezkariek. 

Jaialdia, harrobiaren erakusle 

Lehiakortasun zentzurik ez eta helburu pedagogikoa duen Gipuzkoako Akordeoien jaialdia da hirugarren ardatza. 11 autonomia erkidegotik datozen 300 musikari batuko ditu.

Ekitaldi guztietako ateak zabalik daude: Nazioartekoak Amaia antzokian izango dira, abenduaren 6an eta 8an. Egun berean izango dira Gipuzkoako lehiaketak, antzokian, Kulturaten eta Arizmendi ikastolan; eta horietan izango dira jaialdiko emanaldiak, abenduaren 7an.   

-----------------

Lehiaketez gainera, egitarauko beste proposamen batzuk

-Maciej Frackiewick, iazko nazioarteko Arrasate Hiria lehiaketako irabazleak, abenduaren 6an kontzertua egingo du, Kulturateko areto nagusian, 20:00etan. 

-Aitor Furundarenak eta askotariko akordeoi ikasleek kalejira egingo dute abenduaren 7an; 11:30ean abiatuko dira Herriko plazatik. 

-Udal ordezkariek musikari eta epaimahaikideei ongietorri ekitaldia egingo diete; Arrasateko Udaletxean, abenduaren 7an, 13:00etan. 

-26. Akordeoi Jaialdiaren sari banaketa ekitaldia, abenduaren 7an, 20:00etan, Amaia Antzokian.

-Arrasateko Akordeoi Lehiaketen klausura ekitaldia. Gipuzkoako 34. lehiaketako eta 21. Arrasate Hiria Nazioarteko lehiaketako irabazleei sari-banaketa ekitaldia eta irabazle guztien emanaldiak; abenduaren 8an, 20:00etan. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak