Hiesaren nazioarteko egunean, hausnarketa proposatzen du Sexologia Zerbitzuak

Leire Kortabarria 2013ko abe. 1a, 13:00

Hiesaren kontrako borrokaren nazioarteko eguna da gaur, abenduak 1. Hori dela eta, Arrasateko Udal Sexologia Zerbitzuak hainbat ekintza antolatu ditu; tartean, errezeta erotikoen lehiaketa (bihar, astelehena, da parte hartzeko azken eguna) eta Positiboa ala negatiboa delako erakusketa.

Hiru helburu nagusirekin antolatu ditu ekintzak Sexologia Zerbitzuak: sexualitatea ludikotasunetik tratatzea, hiesak ukitzen dituen kolektiboak desmitifikatzea eta GIB-hiesaren inguruan informazio objektiboa zabaltzea.

Osasuntsuak diren jokabide guztietan zentratuz eta bereziki sexu harreman osasuntsuak zabaltzeko asmotan, aurten ere errezeta erotikoen lehiaketa antolatu dute. Bihar, astelehena, da parte hartzeko azken eguna.

Lehiaketan 16 urtetik gorako edonork parte hartu dezake, “jolas erotiko” bat asmatu eta idatzita. Parte hartzeko inprimakiak eskuragarri daude www.sexologiazerbitzua.com eta herriko toki hauetan: Sexologia Zerbitzua/Gazte bulegoa, Kulturate, Emakume Txokoa, BAZ, MU, Aterpe taberna, Arrasateko Gaztetxea, Goizalde, Iamai, Irati, Iturriotz, Jaizale, Kajoi eta Taupa.

Bestetik, Kulturateko klaustroan dago, hilaren 4ra arte, Positiboa ala negatiboa delako erakusketa. Helburua da "gure gorputza zaintzeko bideratuta dauden ekintzez, ohiturez eta jokabideez" hausnarketa eragitea, antolatzaileen esanetan.

Erakusketa tamaina handiko 13 argazkik osatzen dute. Joëlle Dollé argazkilari frantziarrak ateratakoak dira eta +tu elkarteak utzi dizkio Arrasateko Udalari. Erretratuetan GIB birusa duten eta ez duten pertsonak agertzen dira, baina nor den nor zehaztu gabe, argazki hauen helburua da GIB-hiesaren inguruko aurreiritzi eta estereotipoen inguruko hausnarketa bultzatzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak