Gazte zinela ekin zenion margotzeari.
Bai, afizio moduan hasi nintzen. Arrebak ere oso ongi marrazten du, eta hortik sortu zitzaidan margotzeko zaletasuna.
Arte ederretako ikasketak zure lehen aukera izan ziren?
Argi neukan marraztearekin zerikusia zuen zerbait egin nahi nuela, eta hasieran karrera teknikoago egitea otu zitzaidan.Baina matematikatan nahiko txarra naizenez, berehala baztertu nuen ideia hori.
Gurasoek begi onez hartu zuten aldaketa hori?
Egia esan ez, baina azkenean ulertu dute gustuko dudan arlo bat dela.
Lehen erakusketa hau karrera amaitu aurretik egin izanak ere zerbait esan nahiko du.
Zorte ikaragarria izan dut. Nire lanak erakusteko primerako aukera da.
Artista zehatz baten jarraitzailea izan zara?
Ez dakit nire lanetan asko igartzen den, baina beti miretsi izan dut Rivera.
Adreiluaren porrotaren ostean dirudunek artean inbertitzen omen dute. Balore seguru bat da?
Lan baten kostua definitzea oso zaila da. Nire lanetan aldiz, ordu pila sartzen ditut, eta hori ez da antzematen. Hala ere, jendea izen jakin baten bila joaten da.
Hortaz jendeak margolanak ez ditu arte bezala ikusten.
Oso jende gutxik dauka artelan bat behar bezala ulertzeko jakintza. Askotan, dirua irabazteko aitzaki bezala eroste dituzte artista jakin baten lanak.