"Ez nituzke herriko bertsolariak gutxietsiko, maila handia dute"

Auzitegi Nazionalak martxan jarritako prozesuaren ondotik sortu zen Irati libre! elkartasunetik konpromisora ekimena. Herritarren laguntzarekin tabernari babesa emateko ekimen ugari antolatu dituzte; tartean, gaur gauean 21:00etan egingo duten bertso afaria.

Ekitaldi hori ere Auzitegi Nazionaletik iritsitako prozesuari aurre egiteko ekimen bat da?
Aurre egiteko baino gehiago, berau salatu eta azaleratzeko modu bat da. Urrian ekin zion epaileak herriko tabernen auziari eta horrekin batera gazte mugimenduetan ere sarekada egin zuen. Azken aste hauetan ere ekintza asko burutu ditugu.

Arrasateren kasuan, gainera, prozesu horrek garrantzi berezia dauka.
Hala da, bai; batetik, Auzitegiak bost lokal itxi gura dituelako; eta bestetik, Irati Muxika Arrasateko Irati tabernako zerbitzariak beste hiru gazterekin batera desobedientzia zibilaren bidea hartu duelako. Ekintza hauekin eurei nolabaiteko babesa eman nahi diegu.

Gaurkoa bertso afaria izango da; zergatik?
Urrian hasi ziren ekintza ezberdinak egiten, tartean Irati libre! eguna. Egun hartatik aurrera, eta prozesuak irauten duen bitartean elkarretaratzeak, kale agerraldiak... egin dira. Ekintza gehiago prestatzen ari ginela sortu zen bertso afariaren kontu hau, eta honekin aurrera egitea pentsatu genuen.

Hiru bertsolari izango dira bertan, bi herrikoak dira eta bestea une honetan maila gorenean dagoen Beñat Gaztelumendi bertsolaria da. Nola lortu duzue?
Ez da lan erraza izan. Basarri bertsolariaren omenez Zarautzen bertso jaialdi bat antolatzen ari dira, eta egun honetarako bertsolari askok ezin zutela aipatu ziguten. Zorionez, Beñat Gaztelumendik hasieratik baiezkoa eman zigun. Hala ere, harekin hitz egin genuenean ez genekien BECeko finalean egongo zela.

Eta etxekoekin nola izan zen?
Errazagoa izan zen. Hasieratik ez zuten arazorik jarri. Jokin Labaien aspalditik ezagutzen dugu eta Ane Zuazubiskarrek, oso gaztea den arren, ibilbide luzea izango duelakoan gaude. 16-17 urte ditu eta hasi da gauzak egiten. Harentzat plaza polita izango zelakoan egin genion gonbita. Egia da Gaztelumendiren izena dela ezagunena, baina nik ez nituzke etxeko bertsolariak gutxietsiko, hauek ere bertsolari handiak dira.

Bertaratzen direnek ze aurkituko dute afarian?
Dudarik gabe, elkartean etxeko giroa izango da nagusi. Bazkari gozoaz gainera, giro beroa ere egongo da bertan. Bi gai jartzaile egongo gara afariari saltsa apur bat jartzeko. 

Bertso afariaren hasiera ordua zehaztu duzue, baina amaiera?
Hori zehaztea zailagoa da. Antolatzaileetako bat naizen heinean, saioa berez gauerdi inguruan amaituko dela esan dezaket, baina ziur naiz askok ez dutela gaua ordu horretan amaituko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.