350 parte-hartzaile inguru izango dituzte aurten Arrasateko Akordeoi Lehiaketek

Abenduaren 6tik 8ra izango dira lehiaketak. 'Arrasate Hiria' Nazioarteko XXI. Akordeoi Lehiaketan 11 herrialde ezberdinetako 17 akordeoilarik hartuko dute parte.

Beste urte batez, eta dagoeneko badira 34, akordeoi doinuak izango dira nagusi laster Arrasaten. Hiru sail izango dituzte abenduaren 6tik 8ra egingo diren Arrasateko Akordeoi Lehiaketek, eta denera 350 akordeoi-jotzaile inguruk hartuko dute parte. Hauspoz elkarteak antolatu ditu aurten ere lehiaketak.

Arrasate Hiria Nazioarteko Akordeoi Lehiaketa nazioarte mailan dauden hiru garrantzitsuenen artean dagoela esan dute antolatzaileek guztira 17 akordeoilari lehiatuko dira, munduko 11 herrialdetatik etorritakoak: Txinatik, Errusiatik, Frantziatik, Eslovakiatik, Poloniatik, Serbiatik, Alemaniatik, Kazakhstandik, Kroaziatik eta Hungariatik. Sail honetako kontzertuak egubakoitzean, abenduaren 6an; eta domekan, abenduaren 8an, izango dira.

Parte-hartzaileen lana baloratuko duen epaimahaia ere ez da nolanahikoa; izan ere, epaileen artean dago, besteak beste, Georg Katzer konsposatzaile alemaniar ezaguna.

XXXIV. Gipuzkoako Akordeoi Lehiaketan bestalde, Euskal Herriko eta Espainiako 31 akordeoilarik hartuko dute parte, eta kasu honetan ere, emanaldiak egubakoitzean eta domekan izango dira.

XXVI. Akordeoi Jaialdiari dagokionez, antolatzaileek esan dute 300 parte-hartzaile inguru egongo direla. Zapatuan izango da jaialdia.

Iazko irabazlea

Urtero moduan, aurreko urteko nazioarteko lehiaketaren irabazlea ere izango da Arrasaten kontzertua eskaintzen. Hala, Maciej Frackiewick poloniarrak egubakoitzean eskainiko du kontzertua, 20:00etan Kulturaten.

Honetaz gainera zapatuan, abenduaren 7an, akordeoi-jotzaileak kalejiran irtengo dira 11:30ean Arrasateko udaletxetik.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.