La Peña taldearen kantxa zailean jokatuko du bihar MUk (18:15)

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko aza. 29a, 12:00

Saskibaloiko Lehen Nazional Mailan La Peña taldearen aurka jokatuko du bihar Mondragon Unibertsitateak (18:15). Denboraldi hasiera paregabearekin jarraitzeko asmoz joango dira Bilbora Josu Larreategiren mutilak, baina garaipena garesti egongo dela gogoratu digu Juan Carlos Davila bigarren entrenatzaileak: "Kantxa zaila da. Oso talde gogorra dute, eskarmentu handikoa. Gure lana oso ondo egin beharko dugu garaipena eskuratzeko".

Sailkapenean behealdean daude bilbotarrak baina, Davilaren arabera, euren kantxan oso gogorrak dira. MU, berriz, bigarren sailkatua da eta lehen sailkatua den Bide Beti taldearen puntu berberak ditu (15).

"Taldea ondo dago, batuta"

Arrasatearrak "partiduz partidu" doaz baina ukaezina da aurreko urteekin alderatuz aurtengo denboraldiak askoz itxura hobea duela: "Aurreko urteetan sailkapeneko erdialdean edo behealdean egon izan gara eta aurten, berriz, gora begira gaude hasieratik. Hori bai, partiduz partidu joango gara, helburu zehatzik jarri barik".

Denboraldia luzea da oraindik eta arrasatearrak orain arte bezain erregularrak izan beharko dira denboraldi amaieran goiko postuetan jarraitzeko. Aurtengo arrakastaren gakoen artean taldea "batuta" egotea aipatu digu Davilak: "Taldea oso ondo dago, batuta. Jokalariek oso ondo ezagutzen dute elkar eta fitxaketek ere asko lagundu dute".   

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak