Xabier Amurizak '4x4 operazioa' nobela aurkeztu du

Imanol Gallego 2013ko aza. 27a, 21:09

Xabier Amuriza bertsolariak eta idazleak 4x4 operazioa izeneko eleberria aurkeztu du Kulturaten. Lankuk argitaratutako lana Joan ziren zikloko laugarren liburua da eta bertan 60ko hamarkadako gertaerei kontakizun literario bat eman nahi izan dio etxanoko idazleak.

Historia kolektibo bat aurkitzen eta berritzen du Amurizak, 60ko hamarkadaren azken aldeko konbultsioa, eta guzti horren barruan kokatzen du  Gogor izeneko apaiz-mugimendua. Mugimendu haren ekintzarik sonatuena Derioko seminarioko itxialdia izan zen, Bizkaiko 70 apaizek buruturik eta poliziak berehala inguraturik, ia hilabete iraun zuena. Ekintza gatazkatsu haren inguruan islatzen da hamarkada hartako "olatuak" nolako aldaketak eragin zituen Euskal Herrian, diktaduraren osteko urte gogor haietan.

Egiazko gertaera horren eta beste batzuen gainean, historia harrigarriak sortzen ditu idazleak. Hala ere, aldaketaz jositako hamarkada horietan bizitakoak apaltasunez gogoratzen ditu Amurizak, "iraultza baino irauli hitza aipatuko nuke, egia da aldaketak oso bizkor eman zirela, baina ez zen iraultza bat izan".

Liburuaren egileak azaldu bezala "ez dut kontakizun historiko bat egin, nik literatura egin nahi izan dut". Amurizak argi dauka gai honetaz asko hitz egin dela baina literaturaren bitartez kontakizunari bere bizi esperientziak gehitu nahi izan dizkio gertaerei.

Aurkezpen berezia

Zutik eta atril soil baten laguntzarekin egin du Amurizak aurkezpena. Hitzei garrantzia emateko asmoarekin liburuko hainbat pasarte irakurri ditu. Bertsolariek soilik duten hitz jarioaz baliatuta urte horietako hainbat gertakariri bigarren bizi bat eman die.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak