Arrasateko Udalak Polmetasa zaharra hondamen-eremu izendatu gura du, gunea husteko

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko aza. 25a, 11:53

Arrasateko Udalak Polmetasa zaharra hondamen-eredu izendatzeko espedientea zabaldu eta gune horren jabe den San Andres Berri enpresari –konkurtso-legean dago– bere defentsarako eskubidea baliatzeko 15 eguneko epea eman dio – 15 egun, jakinarazpena jaso ondoren–. Konkurtso-administratzaileari bertara joan eta justifikazioak idatziz helarazteko eskatu diote. 

2010eko urritik utzita dago fabrika zaharra eta ordutik hainbat arazo izan dira. Auzotarrak askotan kexatu izan dira; sute bat 2012ko irailean, argi barik ere geratu ziren bi kale... Era berean, instalakuntzak utzita egoteak eta hirugarren pertsonen "desegite etengabeek" eraikinaren segurtasuna arriskuan jarri dute eta beraz, baita bertan egon daitezkeen herritarren osasuna ere.

San Andres Berri erantzule

Horregatik Udalak dagozkion neurriak hartu behar ditu gunea hustu eta eraikinaren berehalako erortzea ekiditeko. San Andres Berri izango litzateke bertan eman daitezkeen kalteen erantzule eta enpresak ordaindu beharko lituzke eraikina modu kontrolatu baten eraitsi beharko balitz, horiek guztiak gauzatzeko lanak: eraispenak eragindako hondakinak kudeatzea eta kutsadura posibleak aztertzea –kutsadura industriala, materiala eta lurrazalekoa zein lur azpikoa–.

Hirigintza batzordearen arabera, eraikinaren egoera hain da txarra zaharberritze proiektu baterako ere ezin dela aprobetxatu. Hala, Udaleko teknikariek ondorioztatu dute eraikinak ez duela inongo baliorik. Horregatik ulertzen dute Polmetasa zaharra legalki hondamen egoeran dagoela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak