'La tabernera del puerto' zarzuelak jaso du teloia

Imanol Gallego 2013ko aza. 24a, 12:11

Aurtengo lehen emanaldi honetan Amaia Antzokia goraino bete da. Obra hasi aurretik gainera, Izaskun Murgia Elkarte Lirikoak Fagorreko langileei elkartasuna adierazi nahi izan die txalo artean. Horren ostean Pablo Sorozabalen musika eta arrasatear askoren lanak batu ditu txalo guztiak.

Hirugarren aldiz estreinatzen zen La tabernera del puerto Arrasaten, eta halere, ikusmira erabatekoa izan da, itsas usaia zeukan Amaia antzokiko oholtzak. Oihala jaso bezain laster, Arrasate Musikaleko orkestraren akordeekin batera jendea Cantabreda herrian murgildu da. Tere Gonzalez, Izaskun Murgia Elkarte Lirikoko zuzendariak argitu digun moduan, "oso zarzuela osoa da", eta ez zaio arrazoirik falta. Bi ordu pasatxotan jendeak barre, hunkitu eta ongi pasatzeko uneak izan ditu.

Amodioa, kontrabandoa, mespretxua... Obra honek bizitzaren sentipen gazi-gozo guztiak batzen ditu. Marola, Leandro eta Juan de Egiaren arteko auziak barreak ez ezik malkoak ere eragin ditu.

Harreman erakundearen aldeko zozketa

Zarzuela tradizio bilakatu bada, Harreman erakundearen urteroko zozketarekin gauza bera gertatu da. Aurten 400 euro baino gehiago batu dituzte, eta Gurutze Mujikaren margolariaren lana Kontxi Bediari tokatu zaio, "aurten zarzuelaz gozatzeaz sari bat eroango dut etxera, baina ez pentsa, nik urtero erosten ditut zozketako txartelak!" aipatu digu irabazleak.

Lehen emanaldia joan ez direnek aukera gehiago izango dituzte, Izaskun Murgia Elkarte Lirikoak beste hiru saio eskainiko ditu-eta. Hurrengoa bihar izango da 19:30, eta gainontzeko bihar datorren egubakoitz eta zapatuan, hurrenez hurren 20:00 eta 19:30etan. Gogoan izan emanaldi hauetarako geratzen diren sarrerak http://www.arrasate-mondragon.org/ webgunean eros daitezkeela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak