Euskal presoen, eta bereziki, Txus Goikoetxearen aldeko mozioa aho batez onartu dute

Imanol Gallego 2013ko aza. 23a, 11:22

Ezohiko plenoa egin du gaur, egubakoitza, Arrasateko Udalak. Bilduk eta EAJk aurkeztutako presoen aldeko mozioa aztertu eta bozkatu dute bertan eta aho batez egin du aurrera. PSE-EE ez da osoko bilkurara joan. Sevilla II espetxean gose greban dauden presoak izan dituzte bereziki gogoan, horien artean Txus Goikoetxea arrasatearra. Honezkero 26 egun daramatza gose greban.

Arrasateko Udalak bere egin ditu Etxerat elkartearen hitzak eta euskal presoek eta euren senideek pairatzen dituzten "eskubideen urraketak" salatu gura izan ditu.

Osokoan irakurri den mozioaren arabera: "espetxe-arautegian isolamendua oso egoera zehatzetarako gordetzen den neurri bat den arren, euskal presoei bizi-erregimen gisa aplikatzen zaie". Mozio berean, "jazarpenak, dispertsioa isolamendua, erasoak..." ere salatu gura izan dituzte.  Horregatik, udala giza eskubideen alde azaldu da, eta aho batez EAJtak eta Bilduk babestutako mozioak aurrera egin du.

Osokoak udalak neurri hauek hartzea erabaki du.

  • Espainiako gobernuari sakabanaketa politikaren amaiera eskatzea.
  • Espainiako gobernuari exijitzea preso guztien segurtasuna, osotasun fisikoa eta osasuna bermatzea.
  • Sevilla II espetxeko zuzendariari eta Espainiako Espetxe Erakundeetako idazkari nagusiari presoek jasaten ari diren muturreko bizi-baldintzekin amaitzea. 
  • Mugagabeko isolamenduarekin amaitzea, Euskal presoak bateratzea, oinarrizko eskubideak errespetatzea eta etengabeko jazarpenekin amaitzea.

Honekin batera, Udalak herritarrak, "giza eskubideen eta bakearen defentsan antolatzen diren dinamiketan parte hartzera", gonbidatu ditu.

PSE-EE ez da plenoan egon

Arrasateko alderdi sozialistak gaur goizean prentsa ohar bidez adierazi duenez, Bilduk eta EAJk interes alderdikoiak lehenetsi ditu interes komunen aurrean: "Urgentzia handiagoa eman diote ETAren presoei Fagorrek eragindako krisiaren aurrean neurriak hartzeari baino", uste du Aritz Arrieta bozeramaileak.

Maider Morras Bilduko bozeramaileak Arrietak esandakoa gezurtatu du: "bi gai ezberdin dira, eta biei garrantzi handia eman diegu". Horren ostean, "Fagorren auziaren inguruko mozio bat ere egin dugu", gaineratu du zinegotziak. Bukatzeko bozeramaile batzordea beharrezko ez dela argitu ostean PSE-EEri erantzun nahi izan dio: "bozeramaile batzordea egon edo ez, eurak ez lirateke agertuko".

Aralar taldeko zinegotzi, Joxe Etxeberriak, ezin izan du bilkuran parte hartu, egunotan kanpoan delako, arrazoi pertsonalengatik.

Elkarretaratzea plazan

Une berean dozenaka arrasatearrek ere dispertsioaren kontrako elkarretaratze bat egin dute herriko plazan.

Batutako jendeak euskal preso guztiei babesa erakusteaz gain, Txus Goikoetxearen kasua azpimarratu izan nahi dute. Preso arrasatearrak duela 26 egun hasi baitzuen gose greba.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak