Tere Gonzalez: "Aurtengo zarzuela gure ikusteko eta ulertzeko modura egokitu dugu"

Ander Larrañaga 2013ko aza. 23a, 01:00

Iritsi da aurten ere zarzuela Arrasateko Amaia antzokira Izaskun Murgia Elkarte Lirikoaren eskutik. Aurtengoa zarzuela egiten duen 14. urtea izango da elkarte lirikoarendako eta 2000. urtean, euren lehenengo emanaldian, egindako ikuskizun bera taularatuko dute: Pablo Sorozabalen La tabernera del puerto.

Lau emanaldi eskainiko dituzte eta lehenengo biak asteburu honetan izango dira: gaur, zapatua, eta domekan, hilaren 24an; biak ala biak, 19:30ean. Ikuskizunaren aurreko uneak kontatu dizkigu elkarte lirikoko zuzendari Tere Gonzalezek.

Zer moduz doa taldea? Nola ikusten duzue zuen burua datozen ikuskizunei begira?

Ondo, beti bezala. Iraila ezkero daramagu musika eta eszena lantzen, eta, oraingoz, aurreikuspenak betetzen ari gara. Astelehenean entsegu bat egin genuen orkestrarekin eta atzo entsegu orokorra egin genuen. 

Nola doa prestaketa lana?

Duela 13 urte berriak ginela eta apenas esperientziarik ez genuela esan daiteke. Nahiz eta esperientzia txikia izan, oso ondo egin genuela uste dut. Orain, askoz ere esperientzia handiagoa dugu, duda barik, eta beste aspektu batzuk baloratzen ditugu, garai hartan baloratzen ez genituenak. Zarzuela taldea helduagoa dela esan daiteke alor guztietatik begiratuta: eszena, kantuak...

Hala ere, ezin izango nuke 2000. urteko ikuskizunaren eta aurtengoaren artean aukeratu: biak aukeratuko nituzke.

Badakigu protagonista batzuk errepikatuko dituzuela. Zeintzuk izan dira duela 13 urteko antzezlanari erreparatuz aurtengoak izango dituen aldaketak?

Ez da askorik aldatuko. Lehen, dekoratuak Madrildik ekartzen genituen eta orain, berriz, guztia guk egiten dugu. Bestetik, arropek ez dute sekretu berezirik, nahiko errazak izan baitira lortzeko.

Beste alorretan ere aldaketa txiki batzuk egin ditugu: esperientziaren ondorioz, zarzuela gure ikusteko eta ulertzeko modura egokitu dugu, mundu guztiak ez duelako berdin ikusten eta ulertzen.

Nolakoa izango da aurtengo zarzuela musikalki eta eszenaratzearen ikuspuntutik?

Oso konplikatua da. Pisu handia duten hiru pertsonaia daude: Juan de Egia (Igor Ganboa), Marola (Cristina Cubillo) eta Leandro (Lander Oianguren). Gainontzekoek ere abesten dute, baina hiru hauek daramate ahots gidaria. Zaila da eurek egiten dutena egitea.

Atzeko lanari dagokionez ez dugu lan askorik egin, baina  ondo egingo dugula uste dut. Oso zati zailak daude antzezlanean, eta espero dut urduritasunak ez harrapatzea momentu horietan; izan ere, badaude oso arriskutsuak diren zati batzuk.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak