Iban Velasco: "Ez dut txirrindularitza eroriko batengatik utzi nahi, horrek motibatzen nau aurrera egitera"

Xabier Urtzelai 2013ko aza. 22a, 09:00

Euria eta hotza, azken asteotan gurean ez dago besterik. Ziklista profesionalak dagoeneko hasi dira denboraldia prestatzen, eta bat baino gehiago honezkero nekatu da arrabola gainean ibiltzeaz. Iban Velasco (Arrasate, 1980) ostera, deseatzen dago. Vueltan izan zuen erorikotik errekuperatzeko bidean hurrengo pausoa delako. Arrasatekoak nahiko lukeena baino gehiagotan egin behar izan du bide hori, erreabilitazioarena, eroriko batek baino gehiagok ebakuntza-gelatik pasatzera derrigortu dutelako. Horretan dihardu, tinko, eta errepidera itzultzeko esperantzaz; ez zaio asko geratzen.

Zer moduz?

Nahiko ondo. Duela hamabost egun egin zidaten mokor inguruan bigarren ebakuntza, kaltzifikazio apur bat kendu zidaten, eta pozik geratu gara. Ekin-en nabil erreabilitazioa egiten, Andonirekin [Ormazabal] eta baikorrak gara. Berak gomendatuta joan nintzen Bartzelonara ebakuntza egitera, mediku espezialista batengana, eta esaten didanez, itzultzeko moduan egongo naiz laster.

Tamalez, ondo ikasita duzu halako lesio batetik errekuperatzeko bidea. Pasa da txarrena.

Bai, duda barik. Lehenengo egunak izan ziren txarrak, gainera, nekrosi arriskua neukan –erorikoagatik muskulu-ehuna patologikoki hiltzeko arriskua– eta ardura handia nuen, egun txarrak izan ziren. Nire buruari esan nion lesio hau ez zela aurrekoak modukoa, lepauztaia edo eskumuturra apurtzea baino gogorragoa zela, eta indartsu egon beharko nukeela. Eta, oraingoz ondo doa dena.

Halakoetan, txirrindulariak zenbatetan errepasatzen du erorikoa izan zuen momentua?

Buf! Askotan... Eta egia esan, eroriko tonto bat izan zen gainera. Herri txiki bat zeharkatzen ari ginen [10. etapan], eta zoruan area zegoen. Aurrean nuen txirrindularia lurrera joan zen, eta ni atzetik. Ez ginen 25 kilometro ordura baino azkarrago joango, baina erortzerakoan ez nintzen ondo babestu, ez nituen eskuak jarri, eta kolpe guztia mokorrean hartu nuen.

Helburu bat irudikatu, eta hori lortzeko motibazioa bilatuaz lan egitera ohituta zaudete kirolariok. Zerk motibatzen zaitu orain?

Errepidera itzultzeak. Kirol lorpenen gainean akaso ez dut apartekorik eskatzen, garaipenak eta halakoak. Baina lasterketak korritzen jarraitu nahi dut, taldearendako baliagarria naizela ikusi, etapa bat pozik amaitu, ziklismoaz gozatu, azken batean.  Horrenbeste urteren ostean, ez dut txirrindularitza eroriko batengatik utzi nahi; kosta egingo zitzaidan halako egoera bat onartzea, hori da egia. Erretiroa hartzen dudanean izan dadila beste zerbaitetan hasi behar dudala sentitu dudalako.

Argazkia: Teamcajarural.blogspot.com

Askok sasoian  daudela utzi beharko diote profesional izateari.

Eta igual hori tristeagoa da. Penagarria da, benetan, orain momentuan oso jende ona dagoelako talde barik: Urtasun, Azanza, Egoi... Lagun handiak, eta ondo dabilen jendea, langileak direnak. Pena ematen du, baina ez ziklismoaren egoerak bakarrik, gizartea ere halaxe dago.

Caja Rural taldeak aurkeztu du 2014rako ze ziklista izango dituen; eta zerrenda horretan ez dugu zure izena ikusi.

Nik uste dut datorren hilean hartuko dudala erabakia. Oso gustura nago taldeak izan duen jarrerarekin, familia txiki bat gara. Vuelta korritu aurretik zuzendariek esan zidaten datorren urterako ere nirekin kontatzen zutela, eta erorikoaren ostean ere gauza bera errepikatu didate, lasai egoteko, ondo errekuperatu naizela ikusten badut, taldean jarraituko dudala. Nire partetik errazena izango litzateke kontratua segituan berritzea, baina ez dut halakorik egin nahi, nirekin ondo portatu direlako. Ikusi egin nahi dut zelan errekuperatzen naizen, zelan nagoen, eta horren arabera erabakia hartu.

Zure taldeak erakutsi du proiektu serioa duela. Hori da albiste pozgarrietako bat.

Bai, eta dituzten baliabideekin oso ondo egiten dituzte gauzak: taldeko lana, logistika... Garbi dute ez direla aurrekontu handiko talde bat, baina seriotasunez jarduten dute, ez dio Euskalteli inbidiarik. Eta beste talde batzuetan izan ez dudan harremana dut zuzendariekin; asko eskertzen da hori.

Pena ez duzuela ProTourreko lizentziarik.

Hori du txirrindularitzak txarra, dena dela dirua. Talde batzuk sortzen dira egun batetik bestera, norbaitek dirua jarri duelako, lizentzia eskuratzen dute eta ikusten duzu ez dituztela gauzak gure taldeak baino hobeto egiten. Ez dute harrobirik, ziklista bakoitza bere kontura ibiltzen da taldeaz inongo harremanik izan gabe... 

"100.000 euro baino gutxiagogatik ez dut korrituko". Zer esan halakoak esaten dituztenei?

Entzun izan ditut halakoak. Beste maila batean dauden txirrindulariak dira, normalean taldeko liderrak, eta 600.000 euro irabaztera ohituta daudenak. Subsidioa kobratzen dabiltzan lagunak ditut, talderik ez duten ziklista lagun onak... Gauden garaian errespetu falta bat da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak