Martxan dira Arrasateko Ekozenterrerako obrak

Jagoba Domingo 2013ko aza. 19a, 15:22

Dagoeneko martxan dira Emaús Gizarte Fundazioak Arrasaten zabaldu nahi duen Ekozenterraren obrak. Ekozenterra datorren urte hasieran zabaltzea nahi dute eta horren harira, hondakinen bilketan eta kudeaketaren inguruko ikastaroan murgildu dira 12 pertsona. Basa, atzo ikasleak Irungo Ekozenterrean izan ziren, lan egiteko modua bertatik bertara ikusteko.

Emaús Fundazioak aurrera pauso bat emango du datozen hileetan bailaran. Izan ere, Emaús Fundazioa eta Arrasateko Udalaren arteko elkarlanari esker, martxan jarri dituzte Ekozenterra zabaltzeko obrak. Datorren urteko lehenengo hiruhilabetean nahi dute zabaldu Gipuzkoa Etorbidearen ondoan dagoen Bidegurutzeta kaleko Ekozenterra. June Polo, Emaús Fundazioko formazio eta enplegu arduradunaren arabera, “Nafarroako Etorbidean egiten den aktibitatea eta langileak Ekozenter berrira pasatuko dira; pixkanaka denda handituz joatea da helburua”.

Etxez-etxeko bilketa

Emaús Gizarte Fundazioak, gizarteratze eta laneratze programak lantzen ditu Gipuzkoako hainbat herrietan. Aldi berean, Fundazioak bi gizarteratze enpresa kudeatzen ditu; bata, Bidezko merkataritzarekin lotuta eta bestea, Emaús Bidasoa. Etxez-etxeko bilketa egitea da azken enpresa horren aktibitate nagusia, “gainontzekook nahi ez ditugun gauzak jaso eta gure zentroetan sailkatzen ditugu” esan zuen atzo Irungo Ekozenterrean Polok. Sailkapena egin ondoren, bigarren aukera bat merezi duten produktuek bigarren eskuko dendan jartzen dituzte salgai.

Arrasaten zabalduko duten Ekozenterra, enpresa kudeatzeko aukera eta jasotakoa sailkatzeko aukerak emango duen zentroa izango da eta bertako langileak, gizarteratze eta laneratze prozesuan dauden langileak izango dira, orain arte bezala. Horrez gain, formazio enplegu  programak garatzen ari dira “lan merkatutik oso urrun daudenei laguntzeko”.

Arrasateko ikasleak Irungo Ekozenterrean egon ziren atzo

Bada, Arrasaten zabalduko duten Ekozenterrerako lan poltsa egin nahian eta formazio planekin jarraituz; atzo Iruneko Ekozenterrera joan ziren ikastaroan parte hartzen dabiltzan 12 ikasleek, Ekozenterretan lan egiteko modua bertatik bertara ikusteko.

Ekozenterra zabaldu artean baina, hilabete batzuk pasatuko dira; hala ere, Oihana Agirrek, Ekozenterren arduradunak, etxean ditugun altzari, arropa edo bestelakoak jasotzeko deialdia zabaldu zuen atzo. Izan ere, Ekozenterra zabaldu bitartean, Nafarroa Hiribidean dagoen Emaús dendak funtzionatzen jarraituko du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak