Laboral Kutxak EFE agentziari esan zionez, aurtengo emaitzak ezin dira konparatu Ipar Kutxak eta Euskadiko Kutxak bat egin aurretiko emaitzekin.
Atzeraldi ekonomikoa eta guzti, eta "banku-jarduera beherantz" doala onartu arren, "ohiko banku-jarduerak portaera egokia duela erakutsi du" Laboral Kutxak, arduradunen esanetan. Gaineratzen dutenez, parametro nagusiek -kaudimenak, likideziaren orekak eta morositateak- datu onak izan dituzte.
Hala, entitatearen kaudimen-ratioa % 11,13 da, Europak urtarrila ezkero eskatzen duen gutxieneko %9 nasai gaindituz.
Likideziari dagokienez, gordailuen ratioa %92,1ekoa da emandako kredituekiko. Sektoreko entitateen batez besteko ratioa, abuztuan, %71,9koa dela dio Laboral Kutxak.
Morositate edo berankortasunari dagokionez ere, sektorearen batez bestekoaren (%12,23) azpitik dago, Laboral Kutxaren kasuan: %8,67.
Kreditu-inbertsio txikiagoa
Kreditu-inbertsioen kopuruak (entitateak beste erakunde batzuei, partikularrei, enpresei e.a. emanda dituen eta amortizatu gabe dauden kredituak) behera egin du, eta urte-artean %6,03 jaitsi dira. Sektoreko finantza-entitateen artean, %12,8 jaitsi dira.
Entitatearen negozioaren oinarri nagusia, partikularren baliabideak, 17.118 eurokoak izan dira aurten; urte-artean %5 hazi da kopurua. Merkatu guztietan kuota handitzea lortu du Laboral Kutxak.
Enpresei 545 milioi euroko inbertsiorako maileguak eman dizkie aurten Laboral Kutxak, eta aktibo zirkulatzailean 1.985 milioi euro negoziatu dira. Euskadiko inbertsioari dagokionez, Luzaro partaidetza-maileguetako partaidetza-kuotak eta Gobernuaren Finantza Laguntzako Programa nabarmendu dira batik bat: % 53ko eta 27ko kuotak lortu baitira hurrenez hurren.
300 milioiko marjina
Azkenaldiko interes-tipo gero eta baxuagoek banketxeen marjinetan "presio handia" ipintzen dutela esan du Laboral Kutxak. Hala ere, 300 milioi euroko interes-marjin edo mozkin finantzarioa lortu du. Horri komisio eta eragiketa finantzarioengatik sartu duen dirua gehituta, 395 milioiko emaitza lortu du.