LOMCEren aurka mobilizatuko dira eguenean Ikasle Abertzaleak

Jon Berezibar 2013ko azaroaren 19a

LOMCE legea Senatuan onartzekoa den bezperan, eguenean, lanuzte eta mobilizazioak egingo dituzte Ikasle Abertzaleek, ikastetxe eta unibertsitateetan. Salatuko dute, besteak beste, "ikasgai nagusien eduki osoa Madrilen esku" geratuko dela, "erlijioa beste ikasgaien mailan" jartzeaz bat, "euskara musikaren mailan" ipintzen dela eta sexu-bereizketa diruz lagunduko duela lege berriak.

"PP alderdiak daukan gehiengo osoari esker", barikuan Espainiako Senatuan onartuko duten LOMCE legearen aurkako "borroka eguna" deitu dute Ikasle Abertzaleek, lanuzte eta mobilizazioekin. Eguenean, azaroak 21, Seber Altube plazan hasiko da manifestazioa 12:30ean.

Lege atzerakoia

Ikasle Abertzaleek salatzen dute "ikasgai nagusien eduki osoa Madrilen esku" geratuko dela eta, ondorioz, kanpo geratuko dela "Euskal Herriko Historia eta Geografiatik" zegoen "apurra". Ikasgaiei dagokienez, salatzen dute "Erlijioa beste ikasgaien mailan" jarriko duela lege berriak eta "Euskara Musikaren mailan geratuko", espezialitateko ikasgai bezala. Lege berriak sexu bereizketan sustatuko duela ere salatzen du ikasleen erakundeak, "sexuaren araberako bereizketa egiten duten ikastetxeak diru publikoz lagundu ahal" izango baitira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak