Arrasateko iragana astintzera datorren bigarren hitzaldi zikloa hasiko da gaur

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko aza. 19a, 09:00

Iaz lehen aldiz antolatu zutenean, Arrasate Zientzia Elkarteko Juan Antonio Barrutiabengoak ez zuen espero 'Arrasateko Iragana Astintzen' hitzaldi zikloak halako arrakasta izango zuenik: "Iazko arrakasta horren deigarria izan zen errepikatzeko lanean jarri ginela berehala". Maria Jose Iriarte -gaur-, Jose Angel Achon -azaroak 26-, Alfredo Moraza -abenduak 10- eta Maria Ines Olaran -abenduak 17- izango dira aurtengo gonbidatuak. Kulturateko areto nagusian izango dira saio guztiak (19:00), gaztelaniaz.

Maria Jose Iriarte izango da lehen gonbidatua: "Bere espezialitatea palinologia da, polena ikertzen du. Polenak nolako flora dagoen zehazten du eta beraz, historiaurretik hasita gure paisaiak eta klimak izan zuten bilakaera kontatuko digu. Arrasate eta inguruetako flora, eta ondorioz fauna nola aldatu zen azalduko digu". 

1448ko erreketa, detaileekin

Jose Angel Achon izango da bigarren hizlaria: "Arrasate eta Oñatiko kondearen arteko liskarrak ederto kontrolatzen ditu. Arrasateren erreketaz asko egin da berba baina Achonek xehetasun guztiekin egingo du berba; batailaren azalpen zehatza egingo du". Bigarren saioaren ostean astebeteko atsedena hartuko dute eta abenduaren 10ean Alfredo Morazak egingo du berba: "Markuleteko Teilerixe baserriko eta Zigarrolako Aranguren teileriak izango ditu hizpide bereziki. Teilerietan nola egiten zen lan, zer ekoizten zuten, materiala nondik ateratzen zuten, garraioa... hainbat xehetasun emango ditu".

Maria Ines Olaran izango da zikloa ixtearen arduraduna: "Arrasaten jaiotako Ricardo Olaran Añibarro arkitekto ezagunaren alaba da. Curriculum handiko emakumea da eta aitaren gainean egingo digu berba, industria-arkitekturan izen garrantzitsua izan zen-eta. Biteri plaza egokitu zenean bota zuten Garibaien omenezko monolitoa eraiki zuen, besteak beste".

Egitaraua

Maria Jose Iriarte: Historiaurreko klimaren eta paisaiaren bilakera. Azaroaren 19an.
Jose Angel Achon: Arrasateko herria eta Oñatiko konderria 1448an. Azaroaren 26an.
Alfredo Moraza: Arrasateko teileriak. Abenduaren 10ean.
Maria Ines Olaran: Ricardo Olaran Añibarro arkitektoaren gainean egingo du berba, haren aita. Abenduaren 17an.

Oharra: Hitzaldi guztiak gaztelaniaz izango dira. Kulturateko areto nagusian, 19:00etan hasita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak