Jim Tnt & the Gypsy Voodoo Rednecks: "Blues esperimentala egitetik, ragtime edo countrya egitera egin dugu salto"

Jagoba Domingo 2013ko aza. 20a, 01:00

Jim Tnt & the Gypsy Voodoo Rednecks. Izen ero horren atzean, Jim Tnt arrasatearraren azken proiektua dago. Los Cretinos taldeko abeslari eta gitarra-jolea, Arrasateko azken bluesman-a den zalantzatik izpirik ez dago. Gutxik bezala, urteetan zehar soinu zaharrak defendatu ditu; eta oraingoan, 20ko eta 30eko hamarkadetako musika oinarri edo inspirazio duen taldea sortu du. Bluesa, countrya, ragtime-a eta punka ditu iturri joan den eguenean estreinatu zen taldeak. Badirudi, ba, indarberrituta datorrela oraingoan.

Nola sortu zen Jim Tnt & the Gypsy Voodoo Rednecks?

Hasieran, Morenorekin [Los Galernako baxu-jolea] lokalean jotzeko elkartzen hasi ginen, eta ideia bluesa oinarri zuen proiektu esperimental bat egitea zen. Geroago, Los Galernako Jokin ere batu zitzaigun bateria jotzera eta Ibairekin batera La Secta Voodoo izenpean kantuak egiten hasi ginen. Esan bezala, blues esperimentala zen, Jon Spencer Blues Explosion bezalako taldeen harira. Hala ere, egutegi arazoak zirela-eta, Moreno eta biok geratu ginen eta jotzen jarraitzea erabaki genuen; gainera, Moreno kontrabaxua ikasten hasi zen.

Proiektuari buelta eman zenioten.

Bai; bateriarik gabe geundenez, akustikoan jotzen hasi ginen. Izan ere, kontrabaxuak askotan perkusioaren lana egiten du eta nire kantu propioak eta bertsioak jotzeari ekin genion. Hala ere, buruan ideia asko nituen eta pixkanaka jende gehiago batzen hasi ginen. Ibaik harmonika hartu zuen, eta ondoren, Aretxabaletako Mo-k washboard-a; hau da, aitzina arropa garbitzeko erabiltzen zen taula hartu zuen perkusioa egiteko. Mo-ren aurretik, Oñatiko Arzurekin probatu genuen, gozoki kaxekin osaturiko perkusio set bat prestatu genuen, baina Arzuk ere hainbat konpromiso zituen. Batu zaigun azkena banjo-jolea izan da, Jul. The Potes-en kontzertu baten ondoren harekin hitz egin ostean, segituan animatu zen, kantuak bidali eta egun gutxi batzuetan ikasi zituen.

Orduan, boskote zarete.

Bai, oraingoz bai, baina, langabezian nagoenez, denbora libre luzea dut; beraz... nork daki.

New Orleanstik Chicagora?

Egiten dugun musikak bluesetik badu; hala ere, beste hainbat estilo batzen ditugu. Esate  baterako, countrya, rockabillya eta 20ko eta 30eko hamarkadetan New Orleans inguruan entzuten zen ragtime eta jug bands bezala ezagutzen ziren taldeek egiten zuten musika. Jug bands horiei zabor-jazzeroak deitzen zieten, instrumentu errudimentarioekin jotzen zuten.

Ze kantu entzungo ditugu zuen kontzertuetan?

Kantu gehienak bertsioak edo moldaketak izango dira; hala ere, nire kantu propioak ere joko ditugu. Bertsioen artean: Carl Perkins-en True Love, Luke Winslow-en Cocaine ragtime klasikoa edo CC Rider. Baina bertsio horiek ere ez dute originalekin zerikusi handirik.

Beraz, hamarkadetan atzera egingo dugu.

Bai; uda aurretik musika mota hau asko entzun dut, aipatutako jug bands-ak, ragtime-a...musika mota horretan guztiz sartuta nabil azkenaldian.

Nondik dator izena?

Alde batetik, Gypsy, ijitotik zerbait badugulako; bestetik Voodoo, taldearen sorrera gogora ekartzeko [La Secta Voodoo] eta Rednecks, ba baldarretik ere nahikoa dugulako. 

Joan den eguenekoaren ostean, zeintzuk dira hurrengo goatekeak? 

Hasiera baten, egubakoitzean Bergarako Laino skate parkean egongo gara eta hilaren 29an Arrasateko Iluntz tabernan. Hasiera baten diot, oraindik ez dakidalako Jim Tnt bezala joango naizen, Jim Tnt & the Gypsy Voodoo Rednecks bezala edo ni eta Jul joango garen, esaterako. Beste partaideek joateko aukerarik baldin badute, bikain; bestela ere, aurrera jarraitu beharko dut. Izan ere, kontzertuek bakarlari bezala izan behar zuten, baina, posible den heinean, denok joateko asmoa dugu. Kontua da musika egiten ondo pasatzea, besterik ez!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak