Ainhoa Otaola Agirre: "Ezjakintasuna da gurasoei beldurra eragiten diena"

Ane Miren Etxeberria 2013ko aza. 18a, 10:45

Ainhoa Otaola bermeotarra Psikologian eta Kazetaritzan lizentziatua da. Etorkintza Elkargoko Adikzioen Prebentziorako Teknikaria da. Sare sozialak eta nerabeak hizpide harturik hitzaldia eskaini zuen Kulturaten.

Zer moduz joan zen hitzaldia?
Nik uste oso ondo joan zela. Jende nahikotxo hurbildu zen ta azpimarratzekoa baita gizonak ere animatu zirela. Gauza hauetan, seme-alaben heziketa kontuetan eta, oraindik emakumeak (amak) izaten dira gehien inplikatzen direnak baina gutxika-gutxika gizonak ere esparru hori bereganatzen hasi dira.

Gurasoak kezkatuta daude?
Bai, normalean seme-alaben heziketarekin zerikusia duten gaiez asko kezkatzen dira, baina batez ere nerabezaroaren ingurukoekin eta beraientzat ezezagunagoak edo arrotzagoak izan daitezkeen gai ororekin; drogen kontsumoak, lehenengo sexu harremanak edo teknologia berrien eta sare sozialen inguruko arriskuak bezalako gaiak asko kezkatzen ditu gurasoak. Sare sozialen kasuan, sarritan, guraso batzuk tresna hauei buruz izan ditzaketen ezezagutzak kezka hauek areagotu egiten ditu.

Zein da gurasoen jarrera teknologia berrien aurrean?
Denetarikoa aurki dezakegu, batzuk teknologiak gehiago edo gutxiago erabiltzen eta menperatzen dituzte, beste batzuk aldiz, beldurtu egiten dira, mundu hori arrotza eta zaila iruditzen zaie eta beldurtu egiten dira. Ezezagutza da azkenean beldurra eragiten duena. Argi dagoena zera da, gaztetxoenen bizitzan presente daudela, beraien belaunaldian teknologia berriez inguratuta hazten direla eta beraien eguneroko bizitzan oso paper garrantzitsua dutela, beraz, gurasoek seme-alabekin gai hauez hitz egin nahi izan ezkero, edo beraien seme-alabak aholkatu eta babestu nahi izan ezkero, zertaz hitzegiten ari diren jakitea funtsezkoa da, sexualitate kontuez edo droga kontuez hitz egiten dugunean bezala. Beraz, informatu eta formatu beharra dago, ez da informatikan aditua izan beharrik baina oinarrizko lau gauzatxo menperatzea oso gomendagarria da eta agian horretarako ikastaroren batean parte hartzea ere ideia bikaina izango litzateke.

Sare sozialak eta adingabeak, horrenbeste arrisku daude?
Arriskuak egon badaude, kalera irteten garenean ere arriskuak egon dauden moduan. Arrisku horiei aurre hartzea eta arrisku horien aurrean gure burua babesten jakitea da gakoa. Ez gara beldurtu behar, ez dago tremendista izan beharrik. Sarritan komunkabideen bitartez ere helarazten zaizkigun berriak oso sentsazionalistak eta dramatikoak izaten dira, alde negatibo eta jasoera tamalgarriak erakusten digutenak, eta horrek ez du laguntzen; beldurra zabaltzea baino ez dute lortzen, gizarte alarma sortzea eta teknologia berrien kontrako jarrerak sustatzea, mesfidantza eragitea.

Pribatutasuna eta Segurtasuna bezalako kontzeptuak aldatu egin dira sare sozialak agertu direnetik eta arrazoi honegatik gurasoek seme-alabei lagundu behar diete tresna hauek erabiltzeko orduan, arriskuak murrizteko.

Adingabeak kontziente dira arriskuetaz?
Nik uste gero eta kontzienteagoak direla. Beraiekin hitz egiterakoan, gero eta gehiago dira beraiek edo beraien inguruko ezagunen batek inoiz nolabaiteko arazoren bat izan dutela onartzen dutenak.

Hala ere, asko oraindik ez dira kontziente gure arlo pribatuari dagozkion aspektuak publiko egiteak izan ditzakeen arriskuez. Gero eta gazteago hasten direlako tresna hauek erabiltzen izan daiteke (nahiz eta sarritan, sare sozialetan legezko gutxieneko adina ere eduki ez), edo arriskuak ezagutu arren, nerabezaroaren ezaugarri propioetako bat delako ahalguztidun sentitzea, hau da, beraiei halakorik ez zaiela gertatuko pentsatzea, horrelakoak beste batzuei bakarrik gertatzen zaiela eta beraiek dena kontrolatzeko gai direla.

Ziberbullying-a zoritxarrez modan dagoen hitza da, baina zer da?
Parekoen artean ematen den jazarpen edo eraso mota bat da. Teknologia berrien esparruan ematen da. Lagunei buruzko informazio iraingarria argitaratzea, teknologia berriak erabiliz: mehatxuzko mezu elektronikoak, argazki edo bideo pertsonalak argitaratzea, txantxa zakarrak egitea, xantaiak, irainak... Mota honetako jazarpena mugikorraren, sare sozialen, berehalako mezuen bitartez eman daiteke eta argitaratzen den informazioa ezabatzea oso zaila izaten da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak