Gogor hasi dute Ford Mugarrikoek denboraldia Pablo Gartziaren gidaritzapean. Lehen nazional mailara igo dira aurten arrasatearrak eta neurria ematen dabiltza kategoria berrian. Oraindik partidu asko gelditzen dira, baina orain arte zenbaki bikainak lortu dituzte: sei garaipen, porrot bat eta berdinketa bat.
Bigarren postuan daude arrasatearrak, eta, aurreko astean Zaragozako Stadium Casablanca taldeari 29-31 irabazita, lehen postutik puntu batera daude Arrasatekoak. Domekan 12:00etan jokatuko dute partidua Somos Eibar liderraren aurka eta ikusteko moduko lehia izango da. Talde armagina lehen postuan egon arren, aurreko jardunaldian galdu egin zuen Alcorta Forging Group taldearen kontra, 27-25.
Hori ikusita, Ford Mugarriko taldekideak motibatuago irtengo dira kantxara. Pablo Gartzia Ford Mugarriko entrenatzaileak hauxe esan du: "Oso talde ona daukate eta oso zaila egingo zaigu irabaztea, baina irabaztera goaz. Elgoibarren galdu egin zuten eibartarrek, baina derbia izan zen, ez zen partidu arrunta izan. Publikoak presio handia egiten du bertan, eta, jakin dudanez, epailearen erabakiak ez ziren guztiz zuzenak izan. Gure partidua, berriz, oso ezberdina izango da". Hala, Elgoibarren kontrako porrota ez da erreferentzia.
Gartziaren helburua ahalik eta ondoen jokatzea da, eta, posible izanez gero, irabaztea: "Eibarkoek jokalari bikainak dituzte, eta helburu ezberdinak ditugun bi talde gara, oso zaila izango da, beraz, irabaztea". Hurrengo erronka 16 puntu lortzea da eta denboraldiko helburua, berriz, maila mantentzea".