Seber Altubek baserritarren azken azoka hartuko du bihar

Imanol Gallego 2013ko aza. 15a, 09:38

Udaleko Enplegu eta Garapen Saileko teknikari Marga Garmendiak aurreratu duenez, uda garaiko azken produktuez gain, udazkenekoak izango dira protagonista. Porru, patata, eskarola, gazta, odoloste, intxaur, perretxiko... zerrenda luzea aipatu du Garmendiak. Postu bereziak ere izango dira, gainera, Iparraldeko Sehaska ikastolarena tartean. Azken azoka horren ostean, hausnarketa eta balantzea egiteko unea iritsiko da, urtero moduan. Egutegi kontuengatik, abenduan azoka beharrean Santamas feria izango da.

Bihar hileko hirugarren zapatua denez, baserritarrek Seber Altube plaza sasoiko produktuz beteko dute. Arrasateko lau baserri, bailarako beste hiru eta beste eskualde batzuetako lau baserri egongo dira, eta azken azoka horretan bost izango dira postu bereziak. Udaleko Enplegu eta Garapen Saileko teknikari Marga Garmendiak aurreratu duenez, "uda garaiko azken produktuez gain, udazkenekoak izango dira protagonista". Zerrenda luzea aipatu du Garmendiak: "Porruak, patatak, eskarolak...". Horiez gainera, udazken garaiarekin lotzen ditugun "gazta, odoloste, intxaur eta perretxikoak" ere ez dira faltako. 

Aurreko azoketan bezala, zenbait postu bereziak izango dira: Harreman erakundearen bidezko merkataritza postua,  ukendu eta sendabelarren postua, baserriko makineria salmentarako postua, herriko artisau batek egindako sukaldeko tresneria postua eta sasoiko produktuz egindako pintxoak dastatzeko postua. Bada, Jesus Romerok jarriko duen postu horretan, zapore bereziak ezagutzeaz gain errezetak etxera eroateko aukera ere egongo da.

Urteko azken azoka horretan ez da sorpresa berezirik egongo, baina, sasoiko produktuek erakarrita, jende asko gerturatuko da Seber Altubera. Ohi bezala, gainera, azokan erosten duten guztien artean, sasoiko produktuz osatutako otarre bat zozkatuko dute.

Sehaska ikastolaren postua

"Zuberotik ahate gutiziak ekartzen dituen pertsonak Iparraldeko Sehaska ikastolari laguntzeko bigarren postutxo bat jarriko du", aipatu du Garmendiak. Postuko saltzailea ikastolako aita bat denez, aukera aprobetxatu egingo du.

Hausnarketarako unea

Azken azoka horren ostean, urtero egiten duten moduan, hausnarketa eta balantzea egiteko unea iritsiko da. "Urtero egin ohi dugu, eta, bertatik, oso kritika eraikitzaileak irteten dira", dio Garmendiak. Balantze horren aurretik, baina, azken azoka horretan egongo den eskaintza zabalaz gozatzeko garaia da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak