-Zer moduz? Bezperatako lanak zelakoak dituzu?
Bezpera beti da onena gauza guztietan, datorrenaren ilusioaren adierazle-edo, Rafa Ruedak badu horren gaineko kantu bat eta arrazoi osoa du.
-Maiatzean kaleratutako diskorekin zatoz, dagoeneko kontzertu asko egin dituzu, horietako bi Debagoienean. Ze sentsaziorekin geratu zinen orduan?
Atxorrotzekoaz oroitzapen oso gozoa dut, sekulako eguna egin zuen, euria iragarrita bazegoen ere. Land Roberrean igo ginen… abentura. Oso kontzertu berezia izan zen, ni gitarrarekin bakarrik, mendi berezian, hango jendearen tratua… Ez dut berehala ahaztuko kontzertu hura. Oso gustura egon nintzen.
-Emanaldi horien aurretik zenion zure lagun mendizaleek toki magiko moduan saldu zizutela Atxorrotz. Horrela hartu zenuen zuk ere?
Ba, bai, egia esan. Gasteizera autoz joaten naizen bakoitzean hari begira geratzen naiz beti. Betiko geratu zait barruan.
-Eta Bergarakoa zelan? Bihar Arrasaten egingo duzuna haren haritik joango da?
Kontzertuz kontzertu errepertorio aldetik osatzen goaz, eta biharkoa ere osatuagoa izango da, seguru. Azpimarratu nahiko nuke, baina, Bergaran oso gustura egon baginen ere, frontoia ez dela kontzertuetarako lekurik onena. Egia esan, soinu aldetik ez naiz batere frontoizalea.
-Amaia antzokia ezagutzen duzu. Gustuko?
Ken 7rekin birritan egon gara. Lehengo aldian asko gustatu zitzaidan soinu aldetik; handia da, baina, era berean, batua ere bai. Deserriko kantak aurkezteko leku paregabea dela esango nuke.
-Dena kontatu gabe, marraz ditzagun biharko kontzertuaren nondik norako nagusiak. Aurkez ditzagun zurekin Arrasatera etorriko diren kideak.
Teknikariei dagokienez: Haritz Harreguy soinu teknikaria Ken 7rekin ere gurekin izaten da eta proiektu honetara ere ekarri dut. Eta Jabi Ulla, argi diseinuak egin eta argiztatzen duena, dantza garaikidean ibiltzen da eta oso giro intimua sortzen du; oso gustuko dut haren lana. Taularen gainean, berriz, Txus Aranburu teklatuetan eta pianoetan; Ruben Caballero, gitarra elektrikoan, akustikoan eta mandolinan; Igor Teletxea, perkusioetan eta baterian eta ni neu.
-Laukote formatuan, beraz.
Bai; egia esan, disko honetan ezagutu ditut; sekula aurrez eurekin lan egin gabekoa naiz. Gero eta puntu hobea hartzen ari gara eta oso gustura nago bai soinuarekin eta bai kantuetan lortu dugun magiarekin ere.
-Hasieratik zenion diskoa grabatu zenuen talde berarekin joango zinela zuzenekoetara. Hitza bete duzu eta erakutsi duzu emanalditik emanaldira mamitzen doan ekipoa dela.
Bai, argi neukan; disko baten lan handia egiten da eta hainbat momentu eta giro sortzen dira, eta horiek zuzenekoetara eraman nahi nituen. Horrela egin dut eta uste dut erabaki ona izan dela.
-Kantu zerrendari kasu eginda, Deserriko kantak lanarekin zatozenez, errepertorioko zati nagusia disko horretatik hartuko duzue, ezta?
Bai. Zuzenekoaren ardatza diskoa da, baina, horrez gainera, diskorako grabatutako kantu pare bat ere kantatzen ditut eta lehenago konposatutako beste kantu batzuk ere bai. Kantu berri bat ere eramango dugu, zapatuan estreinatuko duguna. Errepertorio aldetik, guretzako, behintzat, oso interesgarria izango da; ea jendeak nola hartzen duen.
-Bergaran egon zenak ez du kontzertu bera entzungo, beraz.
Egia da Bergarako errepertorioa ere jasota egongo dela, baina Bergarakoan egon zenari, frontoi hotz baten entzun baino gehiago, Amaia antzokira etortzeko gomendatuko nioke; askoz leku aproposagoa dela esango nuke.
-Kantu berri bat ekarriko duzula esan duzu; horrek Eñaut Elorrietak formatu horretan beste disko bat prestatzen ari dela esan nahi du?
Duda barik; disko hau aurtengo maiatzean atera bada ere, orain dela bi urte hasi nintzen lantzen. Bi urteko lanaren emaitza da hori, eta bide horretatik jarraitzen dut. Ken 7 ere hor dago, baina, bestela ere, lanean jarraitzen dut, beste kezka musikal batzuk ere baditut-eta; horiek Deserriko kantak proiektutik bideratzen ditut. Zuzenekoa pila bat gustatzen zait, baina kantuak egiteko artisau lana ere oso gustuko dut. Engantxatu egiten nau magia horrek eta beharra izaten dut kantu berriak sortzeko.
-Deserriko kantak diskoa ezagutzen ez duenari, nola laburbilduko zenioke?
Deserriaz, erbesteaz berba egiten duten kantuak dira; deserri sozialaz, politikoaz egiten dute berba, baina deserria bera bada arrotz sentitzea ere, eta nik uste dut deserririk handiena barruan dugula eta ikuspuntu existentzial edo intimo horri lekua egin gura izan diot diskoan. Gai edo hari hori jarraitzen duten hamar kantu dira. Hemengo eta kanpoko eta garai askotariko luma handiez hornitu naiz: Sarrionandia, Benedetti, Harkaitz Cano, Gabriel Aresti, Joan Olive… Hori da, laburbilduz, diskoaren ardatza.
-Hitzak kontzeptualak diren arren, mota guztietako publikoarentzako egindakoa dela diozu; burutik baino gehiago, gorputzarekin eta emozioekin ulertzen den diskoa dela gaineratu duzu.
Horrela atera zitzaidan, bai, sortzeko orduan ez nuen uste publikorako izango zenik, oso lan intimutzat nuen-eta. Ez nuen pentsatu norentzako egin, ezta zeini gustatuko zitzaion ere. Egia da jende heldua etortzen dela, gehienbat, orokorrean adin guztietarako bada ere.
-Ken 7ren azkena ere egunotan kaleratu duzue, Euskal Herriko Orkestra Sinfonikoarekin. Debagoienera ekartzea konplikatua izango da.
Bai, hala da; orkestra sinfoniko bat mugitzea ez da hain erraza eta haiek ibiltzen diren zirkuituan lotu ditugu bost kontzertu eta horiek izango dira denak: abenduaren 3an, Kursaalen; 4an, Baluarte (Iruñea); 5ean, Euskalduna (Bilbon), abenduaren 13an Gasteizen eta 14an Donibane Loizunen. Horiek izango dira izango diren guztiak, ez dugu birarik egingo.
-Gustura lan berriaz?
Sekulako lana izan da, uste baino handiagoa, jende askoren eskuzabaltasun eta lanari esker aurrera ateratako proiektua da. Teknikoko oso zailak izan dira grabazioak eta zuzenekoek ere mimo eta lan handia eskatuko dizkigute.
-Beti ikasten da zerbait.
Duda barik; musika klasikoa entzuten dut, baina ez da gehien entzuten dudan musika. Sekulako plazera izan da horrelako orkestra sinfoniko bat barrutik ezagutzea, bere argitasun eta iluntasunekin. Geografikoki hain gertu baina musikalki hain urrun bizi garen musikariek elkarrekin egindako lana izan da. Ez da izan batere erraza. Oso momentu gogorrak bizi izan ditugu, eta izan da proiektua kolokan izan den momenturik ere. Horregatik azpimarratuko nuke denon eskuzabaltasunez egindako proiektua dela eta eta horregatik irten dela aurrera, eta horregatik du, akaso, emaitzak magia berezia.
-Biharko emanaldira itzulita, amaitzeko, zerbait gaineratu nahi?
Ba, kontzertura gonbidatzea, batetik, eta bukatzeko, Fagorreko kontu horrekin guztiarekin azkeneko egunetan oso presente dut jende hori guztiori, eta horiei besarkada bat eta animo pila bat ematea.