'Zientziaren Astean' murgilduta daude Mondragon Unibertsitatean

Jagoba Domingo 2013ko aza. 13a, 15:02

Aurten ere, batxilergoko ikasleak ingeniaritza eta osasunaren arteko lotura gertutik ikusteko aukera izan dute hainbat tailerren bitartez. Gaur Portugaleteko Asti Lekuko ikasleen txanda izan da.

Zientziaren Astearen helburua, batxilergoko ikasleak zientziara hurbiltzea da, eta horren barruan osasun mundura eta Ingeniaritza Biomedikoaren mundura”. Horrela aurkeztu du Zientzia Astea Asier Aztiriak, MUko Ingeniaritza Biomedikoaren koordinatzaileak.

Portugaleteko Asti Lekuko ikasleak

Bada, Zientziaren astearen barruan, gaurkoan, Portugaleteko Asti Leku ikastolako 74 neska mutil egon dira gaur Arrasaten. Astelehenetik, Mondragon Unibertsitateko campusean, Zientziaren astean daude murgilduta; ingeniaritza eta osasuna ardatz bezala dituen tailerrekin, Euskal Herriko batxilergoko hainbat ikasleri Ingeniaritza Biomedikoaren inguruko azalpenak ematen.

Pasa den urtean abiatu zuten Ingeniaritza berri hau eta Asier Aztiriaren arabera, gazteek interes handia erakusten dute. Ingeniaritza berriaren inguruko azalpenak tailerren bitartez ematen dituzte, eta gaurkoan, Ingeniaritza Biomedikoan erabiltzen diren gailuen erakusketa; Kirola eta osasuna batzen dituen lantegia eta inplanteen inguruko aurkezpenak ikusi ahal izan dituzte Asti Lekuko ikasleek.

Interes handia piztu dute tailerrek

Arretaz jarraitu dituzte azalpenak ikasleek, batzuetan galderak eginez eta beste batzuetan esperimentuetan parte hartuz, irudietan ikus dezakezuen bezala. Ingeniaritza Biomedikoan erabiltzen diren gailuen erakusketan adibidez, erantzun denbora, arnasa edo bihotzaren taupadak neurtzeko erabiltzen diren gailuak ikusi dituzte. Guztiak baina, teknologiari lotuak. Izan ere, teknologia hauek ospitaletan ezartzen ari dira-eta.

Inplanteen tailerrean, goi mailako teknologia nola erabiltzen den ikusteko aukera izan dute; baina arrakasta handiena, kirola eta osasuna batzen dituen tailerrak izan du. Bertan, gaur egun, kirola egiterako orduan teknologiak osasuna zaindu eta hobetzen nola laguntzen duen ikusi dute, hori bai, argi utzi duten bezala, guzti honen atzean gauza bakarra dago; matematika.

Bihar Zornotzako Lauaxetako ikasleen txanda izango da, horrela aurtengo Zientziaren asteari amaiera emateko. Ingeniaritza Biomedikoan izena eman duten jakiteko baina, datorren urtera arte itxaron beharko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak